GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Mattin Elorza Segiko kidea

Iruzurraren aurka

PNVko herritar zintzoek pentsatuko dute esaten ari naizena fikzioa dela, beste inor baino euskaldunagoa dela Ibarretxe, kontsulta famatua dela-eta, Latinoameriketan diasporarekin izandako hartu emanak direla-eta, baita Che Guevararen pareko dela ere ... Bada, apaltasunez oker zaudetela esango dizuet

Negoziazio politikoetan ezker abertzalekook, independentziaren proiektu politikoa mahai gaineratu beharrean, demokrata orok bere egiteko moduko proposamena aurkeztu genuen. Proposamenaren oinarrian, hegoaldeko lau lurraldeetako herritarrei erabakitzeko eskubidea aitortzea baino ez genuen eskatzen. Horretarako, PSOEri egungo konstituzio espainiarraren muga altxatzeko konpromisoa exijituz. Baina PSOEk ez du konstituzioa aldatzeko borondaterik izan. Proiektu politiko guztiak lehiatzeko eskubidea aitortu ezkero, galtzeko beldur direlako.

PNV, aldiz, Alderdi Egunean «gora Euskal Herria askatuta» oihuka bazebilen ere, Euskal Herriaren lurraldetasuna defendatu beharrean zatiketa elikatzen duen eta gure herria heriotzara kondenatzen duen egungo estatutua indartzeko proposamenenean murgildu zen. Beste behin ere herria diru truke saldu eta PSOErekin akordio bat ixtea lortu zuten, Loiolako zirriborroa: abertzaleon begietara ilusioa sorrarazten duen edukia (gatazka politikoa konpontzeko osagaiak), baskongadei begirako estatutu berritu batean (egungoari konpetentziak gehituz) zehazten zen, horrela, ezker abertzaleak Loiolan bertan ohartarazi zuen iruzur arriskua gauzatuta. PSOEk halako bidea egiteko oinarriak landu ditu, halaber, Katalunian, besteak beste, «realidad nacional» eta antzeko terminologia erabili izan duela.

PNVko herritar zintzo batek baina gehiagok pentsatuko du esaten ari naizena fikzioa dela, Ibarretxe beste inor baino euskaldunagoa dela kontsulta famatua dela-eta, Latinoameriketan diasporarekin izandako hartu emanak direla-eta, Che Guevararen parekoa dela... Bada, zintzotasunez eta apaltasun osoz, oker zaudetela esango dizuet. PNV jakitun da azken urteetan izandako bozka galeren ibilbidea galbidea dela. Bozen beherakadarekin amaitzeko, diskurtso espainolista baztertu eta abertzaletasunaren irudia berreskuratu beharra duela. Honenbestez, alderdi gisa dituen interes ekonomiko eta politikoei eusteko ondorengo erabakiak hartu behar izan dituzte: barne liskarren amaiera eta bateratasunaren itxura indartzeko, Josu Jon Imaz joatea, Egibar ez aurkeztea eta Urkullu hautagai bakar gisa aurkeztea. Abertzaletasunaren ikurra berreskuratzeko, Ibarretxeren bidez, negoziazio politikoetan ezker abertzalearen proposamenari edukiak hustuz eta izenburuak mantenduz, iniziatiba politikoa berreskuratzeko apustua egitea. Hala, konstituzioaren aurkako jarrera erradikalizatuz eta PSOEren aurkako jarrera antzeztuz, lortu asmo duten bozen inflazioa eskuratu ondoren, Loiolako zirriborroa hitzartuko dute. PSOE testuinguru horretan oso eroso dago, PNV-NaBairen bidez Espainiako gobernu egitura deszentralizatua, «la España de las autonomias» delakoa itxi dezakelako. Hortaz, horien guztien artean, dena aldatuko dutenaren itxura saltzen dute ezer ez aldatzeko.

Trenaren auzian oso erraz ikusi daitezke interes ekonomiko eta politikoen arteko loturak. AHTk Europa mailako makroproiektuari erantzuten dionez, ibilbide logikoa lerro zuzena izango litzateke. Ez luke Y forma famatua izango. Baina PNVk lurralde zatiketan izandako leialtasunaren opari gisa, Bilbora doan adarra eskaini dio. Bestalde, AHTk sekulako sarraskiak eragingo dituen arren («barrera» efektuaren bidez, lurrak erditik moztu eta animalientzat ibilbide naturalak eten; 100 metroko altuerako zubibideen bidez paisaia erasotu; tren bakoitzak 25.000 biztanleko hiri bat bezalako gastua izanik, energia kontsumoa biderkatu; zentral termiko eta abarren ugaritzea eskatuko du, Lemoiz zabaltzea, adibidez; AHT pasatzen den lekutik 50-100 metrora 80 Db-tako zarata kutsadura eragingo du; soberakinak botatzeko hainbat zabortegi berri egin beharko dira eta tunelak zein estrukturak egiteko hainbat harrobi -tartean itxita dauden batzuk- zabaltzea aurreikusten da, baita berriak sortzea ere...). PNVri Euskal Herria eta herritarrak bost! Ekimen horien guztien bidez lortuko duten negozioan baino ez baitute pentsatzen. PNV-NaBai eta PSOEren interes ekonomiko eta politikoen ondorioz, Bologna prozesuarekin, espekulazioarekin, desalojoekin, AHTrekin... jarraitzeko hautua egin dute. Horrela, gazte belaunaldi berriak gatazkara kondenatzen dituzte.

PNV-PSOE-UMP hirukoak oso argi dauka ezker abertzalea Loiolako operazio politikoari mozorroa kentzeko gai dela. Horregatik abiarazi dute ezker abertzalearen aurkako gerra estrategia. Horri erantzuten diote: iheslari politikoen aurkako asteroko atxiloketek, Mahai Nazionalaren espetxeratzeak, herriko tabernen miaketek, Zipayoen bidez kale mobilizazioak debekatu eta herritarrak jipoitzea, herri borrokaren aitzakiaz gazte independentistak atxilotzea, torturatzea eta espetxeratzea, preso politikoei isolamendua sistematikoki aplikatzea...

Baina guztion indarrarekin hirugarren bide iruzurti konstituzionalista etetea lortuko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo