Lau eta Erdia
Gipuzkoarren arteko derbia zarauztarrak irabazi zuen
Mikel Olaetxea lizartzarra gainditu ondoren, Jokin Argote Iñigo Diaz iruindarraren aurka arituko da zilarrezko kaiolaren finalean. Txapela datorren abenduaren 8an erabakiko da, Tolosako Beotibar pilotalekuan.
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Bigarren mailako Lau eta Erdiko txapelketako finala Jokin Argotek eta Iñigo Diazek jokatuko dute. Tolosako Beotibar pilotalekuan izango da hori, datorren abenduaren 8an.
Iruindarrak finalerdietako ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia jokatu beharrik ez du izan, lehenengo bi partidak irabazita finalerako txartela eskuratuta baitzuen. Argotek eta Mikel Olaetxeak, aldiz, Jon Apezetxea kanporatuta izanik, partida erabakiorra zuten ostiral gauean Mallabiko frontoian. Irabazleak finalerako bigarren txartela eskuratuko zuen; galtzaileak, aldiz, Goizuetako pilotariak hartutako bide bera jarraitu beharko zuen.
Gauzak horrela, gipuzkoarren arteko derbian, Argote izan zen nagusi. Zarauzko atzelariak asko sufritu behar izan zuen Lizartzako aurrelaria mendean hartzeko, markagailuak kontrakoa pentsatzera eramaten badu ere (22-13). Hain zuzen ere, norgehiagoka luzea izan zen, piloteoa askokoa. Meagas auzoko pilotaria, beraz, bere saltsan egon zen, tantoak lantzeko orduan presarik ez baitu izaten.
Olaetxea, aldiz, ez zen aurreko partidetan bezain eroso sentitu. Frontoiaren ezaugarriak zirela-eta, errematatzeko duen gaitasuna eta pilotari eragiten dion abiadura murriztuta ikusi zituen. Hasiera estu baten ondoren (1-1, 2-2, 3-3, 4-4), Argotek bi tantoko abantaila hartu (9-7) eta tartea ipintzen joan zen, 22-13ra iritsi arte. Finalean aurkari izango duen Diazek 22-11 irabazi zion zarauztarrari ligaxkan.