Errazti: «Gatazka politikoa konponduz gero, ez da egongo argudiorik independentzia ekiditeko»
GARA |
Eusko Alkartasunako lehendakari Begoña Erraztik atzo adierazi zuenez, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak iragarritako kontsulta egiten bada eta gizartearen gehiengoak babesa ematen badio «aurrera begirako pausu bat» eman beharko da.
Zentzu horretan, jarraitu zuen esanez «gatazka politikoa konpontzen bada», Euskal Herriaren «independentzia eragozteko» ez dela «argudiorik» egongo.
Erraztik Bilboko Euskalduna Jauregian egin den «Independentzia mundu modernoa» jardunaldietan eman zituen adierazpenak. Han izan ziren, besteak beste, Mikel Irujo EAko eurodiputatua eta SNP alderdi eskoziarreko eurodiputatu Alyn Smith.
EAko lehendakariaren iritziz, modernitatea Europan eta munduan zehar gertatzen ari diren aldaketa sakonetan dago eta «inoiz baino aukera gehiago» ikusten du Europar Batasunaren barnean «mapak aldatzeko», independentziaren aldeko mugimenduak «azkartu» egingo direlako hurrengo urteetan.
«Bide bakarra»
Erraztik defendatu zuenez, «herri batek nahi izanez gero, baldintza demokratikoak betetzen badira, eta erreferendum baten bidez jendarteari galdetu egin bazaio, ez dago argudio demokratikorik independentziari ezetz esateko, are gutxiago guk bizi dugun Europa honetan.
«Independentzia da gure herriak aurrera egiteko duen bide bakarra . Demokrata eta abertzale batentzat beharrezkoa da testuinguru politikoaren arabera egin ahal den guztia egitea independentzia lortzeko», adierazi zuen EAko lehendakariak.