AHTk ekarriko duen «kapitalismo basatia» gaitzetsi dute
GARA |
Euskal Herriko Gazte Asanblada eta Gaztetxeen Koordinadorak agerraldia egin zuten atzo Azpeitian, AHTak ekarriko duen «kapitalismo basatia» gaitzetsi eta datozen asteetan egingo diren deialdietan parte hartzera deitzeko.
Koordinadorako kideek aditzera eman zutenez, azpiegitura horrek ekarriko duen «suntsiketaren» berri bada, baina «ziurrenik ez dira hain ezagunak harek izan ditzazkeen eraginak». «AHTk herri kal-tetuak txikituko ditu gehien bat, baina txikizioa askoz harago doa, Euskal Herriko jauntxo eta agintariek sortu nahi duten metropoli kapitalistaren sorrera ekarriko lukeelako», kritikatu zuten. Ohartarazi zutenez, trenak hiriburuak baino ez ditu lotuko, beraz, «herri txikiak isolatu» eta «hirietan pilatuko dira beharrezko diren zerbitzu zein lanpostuak, eta herri txikiak desagerrarazi».
Hala, amalurrari eragingo dizkion kalteez gain, «Euskal Herria negozio gune bilakatuko» dutela esan zuten eta AHTrekin batera egin asmo dituzten beste zenbait azpiegitura nabarmendu zituzten, besteen beste, zentral termikoak eta harrobiak.
Hala, herrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko eta abenduaren 15ean Arrasaten egingo den manifestazioan egoteko deia egin zuten.