GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mendi ibilaldia Arkamon zentral eolikoa jarri ez dezaten eskatzeko

Naturak balio handia duelako, ez dute ulertzen Lakuak mendilerro horretan zentral eoliko bat eraikitzeko duen asmoa, are gutxiago inguru babestua dela jakinda. Horregatik, plana berriz aztertzeko eskatu dute.

Maider EIZMENDI |

Orotara 60 bat lagunek parte hartu zuten Arkamo mendilerroan barrena atzo egin zen mendi ibilaldian. Ekologistak Martxan eta Energia Eolikoaren Ezartze Arrazionalaren aldeko Plataformak antolatutako ekimenaren helburua inguru horren natura aberastasuna nabarmentzea eta Lakuako Gobernuak bertan eraiki nahi duen zentral eolikoa gaitzestea zen.

Plataformako kide Sergio De Juanek aditzera eman zuenez, egin zuen eguraldi kaskarragatik, ibilbidea aldatu behar izan zuten; hala ere, inguruaren balioaz ohartu ahal izateko besteko txangoa egin zuten goizean hasi eta arratsaldera bitartean.

Plataformako kideak azaldutakoaren arabera, parte hartzaileek inguru horrek duen balio naturalaz jabetzeko aukera izan zuten. Ez da ahaztu behar Batasunaren Intereseko Leku izendapena duela eta, beraz, eremu babestuen europar sarean dagoela.

Antolatzaileen iritziz, paraje horrek dituen balioak babestea ezinezkoa izango da bertan zentral eolikoa eraikitzen bada eta hori da Lakuako Gobernuak aurreikusitakoa Energia Eolikoa Antolatzeko Lurralde Arloko Planean.

Horiek horrela, Arkamoko mendilerroa planifikazio eolikatik kanpo uzteko eskatu zuten mendi ibilaldian parte hartu zuten lagunek.

Gauza bera aldarrikatu zuten planean jaso diren beste gune batzuei dagokionean ere; izan ere, De Juanek nabarmendu zuenez, zentral eolikoetarako han aipatzen diren zazpi kokalekuetatik bost babestutako gunean daude. «Guk ez dugu energia eolikoaren kontra egiten, horiek kokatzeko erabiltzen diren irizpideen aurka baizik», adierazi zuen plataformako kideak. Bere esanetan, funtsezkoa da ingurumen irizpideak begiratuta plana beste behin aztertzea eta eragingo dituzten kalteak kontuan hartuta kokaleku aproposak zein diren erabakitzea.

Informazioa kaleratzea

Atzokoa bezalako ekimenak beharrezkotzat jotzen dituzte, halako proiektuen gaineko informazioa mahai gainean egon dadin. «Guk ez daukagu instituzioek adina aukera informazioa zabaltzeko eta guztiz beharrezkotzat jotzen dugu kalte eko- logikoak eragingo dituzten proiektuen gainean jendeak informazioa eskuratzeko bideak egotea», azaldu zuen.

Mendi ibilaldiaren amaieran antolatzaileak gustura agertu ziren. «Giro onean egin dugu martxa eta eguraldi hobearekin jende gehiago izango zela dakigun arren, gustura gaude parte hartzearekin», adierazi zuen De Juanek.

zazpitik bost

Lakuako planak aurrikusten dituen zazpi zentral eolikoetatik bost babestutako eremuetan jartzeko asmoa dagoela salatu du Energia Eolikoaren Ezartze Arrazionalaren aldeko Plataformako kide den Sergio De Juanek.

balioa

Ibilaldian parte hartu zutenek Arkamoko inguruak duen balio naturalaz jabetzeko aukera izan zuten. «Aberastasun hau babestea eta zentralaren ezarpena ez dira bateragarriak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo