Partida Deportivoren aurka
Egutegi gogorrari aurre egiteko ezinbesteko garaipena
Aranzubia, Yeste eta David Lopez hasierako hamaikakora itzuliko dira Lotinaren taldearen aurka aritzeko
ATHLETIC-DEPORTIVO
Beñat ZARRABEITIA | BILBO
Gabonetako etenaldia heldu bitartean, zuri-gorriek Deportivo, Valentzia, Real Madrid, Mallorca eta Murtzia hartu behar izango dituzte. Egutegi latz hori kontuan hartuta, gaur galiziarren kontra jokatu beharreko norgehiagokak berebiziko garrantzia hartzen du.
Izan ere, garaipen batek bizkaitarrei hurrengo lehiak konfindantza gehiagorekin jokatzeko aukera emango die eta Lotinaren taldearekiko puntu diferentzia handitzea suposatuko luke. Porrotak, aldiz, Caparrosenak oso egoera zailean utziko lituzke.
Arratsaldeko partidari ekiteko, Utrerako prestatzaileak 18 jokalari deitu ditu, tartean David Cuellar, Iñaki Muñoz, Ander Murillo eta Raul Fernandez atezain gaztea daudela. Bitartean, eta beste aste batez, Tiko, Exposito, Garmendia, Velez eta Prieto utzi ditu kanpoan. Horiekin batera, min hartuta dauden Gorka Iraizoz eta Asier del Horno, bost txartel hori jaso ondoren, zigortuta dagoen Martinezek ere ez dute jokatuko.
Horiek horrla, Caparrosek bere ohiko 4-4-2 sistemari eutsiko dio. Hala, Fran Yeste, Pablo Orbaizen alboan, euskarri postuan arituko da. Basauritarrarena ez da berritasun bakarra izango, horrekin batera arituko dira, Dani Aranzubia eta David Lopez eta, baliteke, Fernando Llorentek ere aukera izatea. Atezainak, hilabetez, Iraizozen hutsunea beteko du eta Lopezek eskuin hegalean jokatuko du.
Atzo, Caparrosek prentsaurrekoa eskaini zuen Lezaman. Bertan, Deportivok azken urteotan, bere gidaritzapean barne, izan zuen duen eraldaketaren inguruan jardun zen.
Bere esanetan «ez da gauza bera bi urtetan zehar harreman estua izan duzun talde baten aurka aritzea; bestalde, mendeurrena bete duen klub bat zugan fijatzea eskertu behar den zerbait da». Horrekin batera, Utrerakoaren ustez, «beharbada goi mailako konpetizioan jokalarien egituraketan eta helburuetan erabateko aldaketa egin duen lehen taldea izan da. Normalean halako gauzak bigarren mailara jeitsita egiten dira, baina han, klaseko azkarrena den Augusto Cesar Lendoiro daukate eta berak egoera horri aurre egiten jakin izan du».
Azken egunotan Deportivoko hainbat jokalarik, Verduk, Sergiok, Manuel Pablok edota Xiscok, bere inguruan esan dutenaren inguruan ez zuen polemiketan sartu nahi izan. Guztiz kontrakoa, «A Coruñan egon nintzeneko bi urteetatik oso oroitzapen onak ditut, bai futbolari guztiena, baita zaleena ere» esan zuen.
Azkenik, Yesteren itzuleraren inguruan hitz egin zuen. Utrerakoak nabarmendu zuenez, basauriarrak badaki «guretzat oso jokalari inportantea izan behar duela».
Miguel Angel Lotinak adierazi zuenez, «Athleticek azken urteetako jokalari talderik onena du, asko eta ondo fitxatu baitu azkenengo udan». Jokoaren aldetik, «Bartzelonak ez beste talde guztiok arazoak ditugu etxean aritzen garenean».