Bilbao Basket
Goian jarraitzeko parada aproposa dute Vidorretarenek ViveMenorcaren aurka
BILBAO BASKET-VIVEMENORCA
GARA | BILBO
Partida bikaina egin arren, Real Madrilen aurka galdu ostean, La Casillan du berriro ere hitzordua Iurbentia Bilbao Basketek. Sailkapen nagusiko goialdean jarraitzeko parada aproposa behar du Txus Vidorretak zuzendu taldearentzat, etxean orain arte erakutsi duen sendotasuna berresten badu bederen.
Horrezaz gain, talde bilbotarra sano dago. Astean zehar Drago Pasalic sukarrak jota izan bada ere, sendatu omen da eta 12.30etatik aurrera jokatzeko moduan izango da.
Aurkaria, aldiz sailkapeneko behealdetik ihes egin ezinda dabilen ViveMenorca izango da. Pasa den asteburuan bere bigarren garaipena eskuratu zuen, Cajasol 102-80 jipoitu ostean. Horiek hala, Vidorretak »Madrilen erakutsi tentsioa mantentzeko» beharra azpimarratu zuen.
«Aurrealdean jarraitzeko gakoetako bat da ViveMenorcari irabaztea. Beraz, tentsioa eta seriotasuna mantentzea ezinbestekoa izango da».