GARA > Idatzia > Kultura

kronika | gipuzkoako bertsolari txapelketa

Maiaren maisutasuna eta Zubeldiaren umorea saritu zituzten oiartzunen

Bertsolariek hamaseina bertso botatzen dituzte. Kartzelakoak hiru bakarrik direla jakinda ere, haiek geratzen zaizkigu maiz oroimenean. horretan bederen, Maiaren habanerak gogoan genituela atera ginen Oiartzungo Elorsorotik.

p055_f01_111x111.jpg

Joxean AGIRRE

Askotan interpretatu du Jon Maiak bizitza errealean aita modernoaren papera eta haizatu ere egin du bere alderdi hori. Atzo kartzelatik oholtza gainera igo eta Unai Elizasu aurkezleak gaia eman («Goizero bezala galtzerdiak janzten laguntzen ari zatzaizkio») bezain pronto heldu zion esperientzia horri. Hiru ale hauek bota zituen habaneraren doinuarekin. «Kolore laranja duen azken kajoitik jasoak/ bi berdin aurkitzen ere izan ditut arazoak/aitak hain gera baldarrak, batzutan hain inozoak/ behar ez diren lekuetan galtzen zaizkigula soak/ alabaren esaerak mantsoak, beti mantsoak/ benga! jatzi behar ditugu berriro kaltzetintxoak/ oraindik oinez nekean ikasi duen haurtxoak/ gozo-gozo eman ditzan bere lehenengo pausoak» lehenean.

«Aita moderno garenok badegu nahiko istori/ beti ikasten gabiltza, baina beti erdi grogi/ nola jantzi ez jakitea gertatzen zaio askori/ bat bestearen jokoan konbinatu hau ta jori/ baina gertatzen zaionez, holakoa edonori/ txintxo ibili Eiretxo, ez aitarekin erori/ failoak egingo ditut gaurkon bai bat edo bi/ ama lanean dagoa-ta, egin kasu aitotxori», bigarrenean.

«Ta alaba lepotikan zintzilik musu ta musu/ zein gustora hartzen dudan ez baita gertatzen usu/ hori hola bizitzea ez ote da nahiko luxu/ heziketa bizkor bizkor aurrera doa jota su/ janzten ta jaten ematen nahiz-ta jartzen naizen izu/ nola egin, nola ez egin, ai buruan zenbat pisu/ alaba nola egiten dan ondo ikasi ezazu/ igual egun batean zuk lagundu beharko didazu», hirugarrengoan.

Hala ere, arratsaldeko bertsorik ederrenetakoa une batzuk lehenago kantatu zuen Mantxik. Bere gaia entzun orduko istripu batean gerritik behera elbarri geratutako emaztea irudikatu zuen eta hau izan bere hirugarrena. Bere kantaera ederrarekin entzule asko hunkitu zituen. «Kalera atera gera kurpildun sila batekin/ haizeari atera nahian freskura aina etekin/ uste dezu aldegingo ote'etedan norbaitekin/ zu zaude geldirik, baina nik badaukat zuk aina min/ bihotzez maiteko zaitut gaur arte bezala berdin/ nire taupada bakoitza zure pauso izan dedin (bis)».

Ikerren umoea

Iker Zubeldia izan zen atzo ezustekoa eman zuena. Ez daki bertsolari honek bertsoak txisterik gabe bukatzen. Kartzelakoan izeba zaharrarekin oroitu zen eta hiru bertso eder kantatu zizkion zuka hitz eginez, bidean galtzerdiekin erabat ahaztu bazen ere eta tonu dramatikoari eutsi ezinik-edo, txiste batekin bukatu nahi izan zuen hirugarrena: «Zure bihotza zein handia dan kabitzen ez dana neurriz/ ni egunero etorriko naiz erropa eta galtzerdiz/ egunen baten hiltzen bazera, nahiz bustiko naizen begiz/ zerurik bada sartuko zera eta han bizi zatez zu irriz/ ta infernura baldin bazoaz ikusiko gera berriz».

Saioa hotz hasi zen. Zortziko txikian ere ez zuen aurreko saioetako mailarik eman. Eta gaurko bertsolariek beldurrik gehien dioten puntukako saioak eman zituen arratsaldeko unerik onenak. Zubeldia nabarmendu zen amaia Agirrerekin, nahiz eta bere umorea, tarteka, gaurko gusturako gordinegia izan. Iker Zubeldiak, hala ere, bidea aldapa gora du finalean sartu ahal izateko, Jexus Mari Irazu eta Unai Agirre aurretik baititu. Datorren larunbateko finalerdiak erabakiko ditu gauzak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo