Yves Matxikote EHEko kidea
Brissonen ezina, herriak egina
Nazioarteko adierazpenetan onartua den bezala, euskaldunok gure hizkuntzaz bizitzeko eskubidea dugu. Horrek, bizitza alor guzietarako balio du, beraz
Hiru urte Euskara Erakunde Publikoa sortu dela. Garai hartan bezala, kezka berekin segitzen dugu egun ere. Izan ere, Estatu frantsesak, Akitaniko Erregioak eta Pirinio Antlantikoetako Departamenduak osatzen duten erakunde horri eman omen zaion ardura ezin baita bete administrazio guzi horiek babesten duten Konstituzioagatik, eta eramaten duten hizkuntza politikagatik.
Sarkozy-k sorturiko tresna hori iruzur bat dela frogatu da hiru urte horietan zehar. Ez digute barnean fede onez arituko diren langileek iruzurra egiten, sasi tresna hori sortu dutenek baizik, hots, aipaturiko hiru administrazio horiek. Iruzurra, sortu duten tresna horri misio bat jarri diotelako, euskararen aldeko hizkuntza politika egitea (omen, beti), baina bitartekorik gabe utzi dutelako, lege mailan, sos mailan bezala. Brisson jauna fartsa txar horren ikurra dugu, bera baita Sarkozyren lekuko eskua, hizkuntza alorrean.
EEP... irakurri Euskara Ehorzteko Programa, azkenean hori baita. Frantses nazionalisten hizkuntza politika euskararen aurkakoa izan da beti eta begi bistan ditugu ondorioak: Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan gazteen %10ak baino gutxiagok daki euskaraz. Urtero, eta EEP sortu denetik, berdin, kaltetuak eta kaltetuak sortzen dituzte: euskara ezin ikasi ibili eta jendarteratzen diren gazteak, edota egunero ingurune erabat erdaldunagatik beren hizkuntza galtzen duten euskaldunak. Horiek denak euskalduntzeko, zer? Borondatea, diote. Borondatearekin konpondu nahi dute azken mende motz batean euskarari egin dioten sarraskia. Baina Administrazio frantsesak bere arduraz jabetu beharko du eta egindako kaltea bere gain hartu!
Heldu den martxoan herrietako hauteskundeak izanen dira. Memento biziki garrantzitsua dugu hori. Izan ere, herrietatik, estatuak ukatzen diguna eskuratu baitezakegu. Ikusi dugu azken urteetan euskalgintzak bete duen lanak, herriko etxeekin adibidez, botere publikoa mugitzeraino eraman duela. Bide horretan segitu behar dugu eta herrietan euskarari zor zaion lekua eskaini behar diogu, guk, euskaldunok, euskaraz bizi ahal izateko. Zergatik ezin liteke?
Joan den udaberritik prestaketa lanean ibili gara Euskal Herrian Euskaraz-en. Hala, euskararentzat baitezpadakoak diren 10 puntutako aldarrikapen taula osatu dugu. Taula hori, azken agintaldi honetan hautetsi euskaltzale eta abertzale ziren 150ei igorri zaie postaz. Horretaz gain, alderdi guztiei, UMP, PS, Berdeak eta abarri ere, bidali zaie. Bukatzeko, PNB, AB eta Batasunari dokumentua aurrez-aurre eman diegu, haiekin banan-banan bildu ondoren (EAk ezin izan digu datarik proposatu, borondatea agertu arren). Alderdiei adierazi bezala, honakoan ere puntu horien garrantzia azpimarratu nahiko genuke. Horrela, herrietan hauteskundeei begira lanean ibiltzen zaretenei, edota talde politikoetan eragiteko aukera duzuenei, ondoko puntuen alde eragitea eskatu nahi dizuegu, herri programak euskararen aldeko programak izan daitezen.
Lehenik eta behin, euskaldunon hizkuntza eskubideez ari girela nabarmendu behar dugu. Izan ere, Nazioarteko adierazpenetan onartua den bezala, euskaldunok gure hizkuntzaz bizitzeko eskubidea dugu. Horrek, bizitza alor guzietarako balio du, beraz. Ondorioz, hiru urrats zehatz bezain garrantzitsu ditugu egiteko.
Alde batetik, herri mailan euskara ofiziala izendatzea eta horren arabera jokatzeko engaiatzea.
Bertzetik, delibero bidez hizkuntza arauak eta helburuak finkatzea. Delibero horrek hainbat urteren buruan sortu nahi den egoera aurreikusi behar du. Herri mailako hizkuntza politikaren oinarria den delibero horrek euskararen normalizazio osoa helburu nagusitzat izan behar du, herritarrek euskaraz bizi ahal izateko, beti ere.
Bukatzeko, finkatu helburu horietaraino joateko, hizkuntza politikaren plan bat zehaztu beharko da, urratsez urrats asmoak egikaritzeko. Ondorioz, plan horrek baitezpadako osagaiak beharko ditu. Garrantzitsuenak, baliabideak: hizkuntza politikak behar dituen giza baliabide, baliabide ekonomiko, politiko eta azpiegiturazko baliabideak zehaztuak izan behar ditu.
Herriko langile erdaldun guziak euskalduntzeko plana zehaztea eta enplegatzen diren langile berri guziak euskaldunak izatea, Herriko Etxearen lan hizkuntza euskara izatea eta hautetsiek euskararen erabilpena bultzatzea bai biltzarretan, bai adierazpenetan... eredua emanez; paisaia linguistiko guzia euskaraz jartzea, argitaratzen diren euskarri komunikatibo guzietan (aldizkariak, inprimakiak, deialdiak...) euskara lehentasunez agertzea, herritarrak euskalduntzeko bideak idekitzea, herritarrak euskararen aldeko politika horren alde jotzeko animatzea... horiek osatu behar dute deliberoaren edukia eta, ondorioz, hizkuntz politikaren plana bera ere.
Parte hartzea eta elkarlana ere zutabe handiak ditugu. Normalkuntza planen osaketarako, abian jartzeko eta segimendurako beharrezkoak diren organo parte hartzaileak sortzea egokia litzateke.
Horra, beraz, Euskal Herrian Euskaraz-etik egiten dizuegun proposamena. Urrats horiek denak, borondatea izanez gero, arrunt egingarriak dira. Euskaldunok egun bizi dugun folklorizazio, bazterketa, eta ukazio egoera honetatik ateratzeko balio dezaketen urratsak dira. Ez dezagun goaita dohainik emanen ez zaizkigun ofizialtasuna eta errespetua, eta guhaurrek eraiki dezagun gaur egundik hasita! Gora Euskal Herria euskalduna!