GARA > Idatzia > Errugbia

TOP 14

Biarritzen egoera okertzeko prest dago Aviron

Zuri-urdinak denboraldi hasiera askoz ere hobea izan dute, eta bolada on horretaz baliatu nahi dute talde zuri-gorria mendean hartu ahal izateko

p048_f01.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Heldu da garaia, gaur bazkalostean izango da Euskal Herriak dituen bi talderik onenen arteko derbia Baionako Jean Dauguerren, 15.00etatik aurrera. Bertan Aviron eta Biarritz izango dira aurrez aurre.

Inoiz baino itxaropen handiagoa dago Lapurdiko hiriburuan. Aspaldian ez bezala, zuri-urdinak zuri-gorrien gainetik dira sailkapenean, eta horri eutsi nahi diete gaur arratsaldean ere. Biarritzen, aldiz, alderantziz uste dute, azken aldian daramaten bolada txar horrekin amaitzeko Baiona lekurik aproposena dela uste baitute.

Bi taldeek denboraldia oso helburu ezberdinekin abiatu zuten. Avironekoek aurreko hiru urte hauetan izan dituzten arazo horiek bazterrera utzi, eta mailari lasai eusteko asmoa dute. Biarritzek, aldiz, Liga eta Europako Kopa irabazteko asmoekin ekin dio denboraldiari. Beraz, aurreko denboraldiei begiratzen badiegu, bien helburuak ez direla aldatu esan daiteke.

Gauzak, ordea, ez dira uste bezala hasi. Zuri-urdinek ezin hobeto ekin diote denboraldiari. Partida bakarra galdu dute eta gainerakoak irabazi egin dituzte. Biarritzek, aldiz, kontrako aldera egin du eta, orain arte, neurketa bakarra irabazi du.

Horrek sekulako erauntsia sortu du Biarritzen, eta hirugarren entrenatzaile bat ere ekarri dute. Aurreko biek, Laguisquetek eta Delmasek taldean jarraitzeko arazoak izan ditzakete gaur Baionan galtzen badute.

Avironek aurtengoa laugarren denboraldia du maila nagusian, eta Biarritzen aurkako partidetan ezinean ibiltzen da, auzoakoak baitira aberatsak. Aurten, ordea, dena parekatuta dabilela dirudi. Derbia irabazteak sekulako garrantzia du bi taldeentzat, ez jokalarientzat bakarrik, baita zaleentzat ere. Gaurkoak, ordea, garrantzia hori gehitu egiten du. Aviron Biarritzen gainetik dago eta denboraldia abiatu zenean ez zen uste hori horrela izango zenik. Gainera, zuri-urdinek gaur garaipena eskuratuko balute, alde hori areagotu egingo lukete, eta sekulako zaplastekoa litzateke auzotarrentzat.

Jokalariei dagokionean, Avironek hiru hutsune izango ditu, Larretxea, Linde eta Gower ez baitira gaur jokatzeko moduan egongo. Alde horretan ere, zuri-gorriek arazo asko dituzte, hamaika jokalari baitituzte min hartuta eta, gehienak, gainera garrantzitsuak izaten dira hamabostekoan. Gaitan, Couzinet, Betsen, Carizza, Dridi, Ferrer, Carpentier, Cabannes eta Yachvili ez dira jokatzeko moduan egongo.

Biarritzek arazo asko ditu entseguak egiteko eta, horrelakoetan, ostikoak garrantzitsuak izaten dira, baina Yachvili min hartuta dagoenez, ikusteko dago zer-nola moldatuko den tale biarriztarra.

Hamabostekoei begira, bi taldeetako entrenatzaileek jokatzeko moduan dauden guztiak deitu dituzte eta partida hasi baino oren bat lehenago emango dute ezagutzera zeintzuk arituko diren. Ez batak ez besteak ez dio aurkariari argibiderik eta erraztasunik eman nahi, eta horretan jarraitzen dute.

Giroa, berriz, sekulakoa itxaroten da. Goizetik hasiko da festa usaina Baionako karriketan, eta partida hasi baino oren bat lehenago 15.000 eserlekuak beteta egotea espero da, ekinaldia 14.00etan hasiko baita. Hori bai, bi taldeek elkarren aurka jokatzen duten guztietan gertatzen den moduan, biarriztarrik ez da gaurkoan asko izango Baionan, baina baionarrak ere gutxi izango dira partida Biarritzen jokatzen denean.

Liga Federaleko maila nagusiko derbia Donibane Lohizunen ikusi ahal izango da

Errugbia maite duena, zorioneko dago, asteburu honetan goi mailako bi derbi ikusi ahal izango baitirira. Gaur, Baionan eta bihar, berriz, Donibane Lohizunen.

Liga Federaleko Lehen Mailan neurtuko baitira 15.00etatik aurrera Donibane Lohizunen, bertako taldea eta Nafarroa.

Maila horretako beste euskal taldeak, Maulek, gaur jokatuko du 15.00etatik aurrera Olorueren zelaian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo