«Giza kondizioaren erradiografia» egin nahian, bi garairen arteko ispilu jokoa dakar Muñozen lanak
Hiruzpalau urteko isilaldiaren fruitua da «Antzararen bidea», Jokin Muñozen nobela berria. Irakurlearen barrenak pixka bat astintzera dator lana; «naufrago galeria hunkigarria» osatzen dute bertan pertsonaiek.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
«Antzararen bidea»n aurkeztu dituen pertsonaiak «naufrago» ikusten ditu Jokin Muñozek (Castejon, 1963), «bizitzea egokitu zaien garaiaren biktima; garaiak azpitik harrapatu ditu».
Bi garai ezberdin islatzen ditu finean liburuan: 36ko Guda bezpera Nafarroako Erriberan, batetik; eta gaur eguna, edo orain hiruzpalau urtekoa, Donostian, bigarrenik. Autoreak gogorarazi du azken epealdi horretan, esaterako, txapapotearen auzia, udako bero «zitala», Irakeko gerra edota «gure arazoaren» inguruko beste hainbat gertaera ere jazo zirela. «Bi denbora horiekin halako ispilu joko bat egin nahi nuen. Ez dut bi garaien kronikarik egin nahi, baina bi garaiak erabili nahi izan ditut giza kondizioaren, giza sentimenduen erradiografia bat egiteko», aitortu du aurkezpenean.
Bere iritziz, hain zuzen ere, muturreko egoeretan ikusten dira, batik bat, giza sentimenduak -maitasuna, gorrotoa, adiskidetasuna, fidelitatea...-; eta, hortaz, eleberria intentsitate handikoa da zentzu askotan.
Alberdaniako Inazio Mujikaren aburuz, finean «naufrago galeria hunkigarria» ere bada liburua: hogei urteko naufragoak, berrogei urtekoak eta 90 bat urtekoak ere bertan ageri dira-eta.
Hunkitu ez ezik, harritu ere
«Nik hasieratik bilatu izan dut irakurlearen barrenak pixka bat mugitzea, eragitea. Beti izan dudan erronka da irakurlea hunkitzea. Baina -aipatu du Muñozek-, arrisku eta erronka berriak lortu nahi nituen orain eta hunkitze horri harridura ere gehitu nahi nion. Harritu egin nahi dut irakurlea, ni neu ere harritu egin nauelako liburuak».
Alegia, idazleak gogorarazi du orain artean narrazioak, ipuinak, idazten zituela berak: «eta idazle mapadun obsesiboa izan naiz, hasiera eta bukaera ondo kontrolatzen zituena, pertsonaien nortasunak kontrolatzen zituena, azken puntua eta koma ere kontrolatzen zituena».
Aitzitik, orain aurkeztu berri duen «Antzararen bidea»n, pertsonaiak «matxinatu» egin zaizkiola, aurretik mapan zehaztuta zuen trama ez dela berak uste bezala garatu, edota narratzaileak ere, zenbaitetan, «bizitza propioa» hartu diola aitortu du.
Pertsonai orok, baina Gigi izenekoak bereziki «buruhauste galantak» eman dizkiola nabarmendu du, «bere kabuz funtzionatzen zuelako zenbaitetan, bizitza propioarekin», eta «kate motzean lotu» behar izan duela erantsi du. Bizitza propioa hartu duen istorioak, dena den, plazer handia sortu ei dio.
Bien bitartean, «anbiguetatea» eta umorea ere baliatu ditu; «tantaka zabaldu dut umorea, istorio honetako tragedia eta dramak halako tamainakoak izanda, umorerik gabe, pornografia emozionalean erortzeko arriskua zegoen-eta. Gogorregia izan zitekeen, eta nahita hartutako hautua izan zen. Sermoiari ihes egin nahi niolako ere erabili dut», esan du.
«Isilaldi luze baten fruitua da liburua», dio idazleak, beti ere bilatutakoa izan dela argituz: «Nik nahi nuen erretiroa hartzea. `Bizia lo' bezalako liburu batek arrisku bat zekarrelako, arrakastatsu gertatu diren guztiek bezala, gozo geratzeko arriskua, arrakastak hiltzeko arriskua». 2003an kaleratu kontakizun bilduma hark, alegia, Euskadi saria jaso, eta ibilbide luzea izan zuen. Muñozentzat, baina, «amaiera jartzen jakin behar da; ihes egin nahi nion nik liburu hari».
«Bestetik, -jarraitu du azaltzen-, idazlearen lana etengabeko aldaketan baino ulertzen ez dudanez, neure buruari erronka berriak proposatu nahi nizkion». «Isilik luze egon nahiak eta desafio berriak hartu nahiak eraman ninduten hau idaztera. Idazle batek urte batetik bestera publikatzen badu, nekez aurkeztuko du ezer berririk. Zerbait berria emateko idazleak berak ere bizi egin behar du, esperientziak bizi, irakurri... denbora behar da horretarako».
I. A.