pala | Munduko Txapelketa
Gaubeka-Velilla eta Urkia-Imanol nor baino nor, ezusteko final erakargarrian
GARA | BILBO
Gaubeka-Velilla eta Urkia-Imanol bikoteek gaur arratsaldean jokatuko dute Bilboko Club Deportivo pilotaleku zaharrean Munduko Pala Txapelketaren final nagusia (16.45, ETB-1). Telebista beharrek hala eskatuta, finala jaialdi bereziko lehen norgehiagoka izango da eta normalean baino ordu laurden lehenago hasiko da.
Inork espero ez zituen lau protagonista izango ditu gaurko finalak. Esteban Gaubekak eta Daniel Velillak sekulako ezustekoa eman zuten osteguneko lehen finalerdian Pablo Fusto eta Koldo Larrinagari 45 eta 38 irabazita. Aurrelari argentinarra eta atzelari bizkaitarra txapelketa irabazteko faborito nagusiak ziren, baina azkenean finaletik at geratu dira ligaxkan partida bakarra irabazi zuten Gaubeka eta Velillaren kontra.
Iñigo Urkiak eta Imanol Ibañezek, bestetik, Javier Iriondo eta Wladimir Lujan kalean utzi zituzten ostegunean. Partida ikusgarri baten ostean Urkiak eta Imanolek 45 eta 43 irabazi zuten bigarren finalerdia. Iriondo eta Lujan ere faboritoen artean zeudela kontuan hartuta, finala ezustekotzat har liteke.
Multzo bereko bi bikote finalera heldu direnez, horren aurrekari bat ere badugu, oso gertu. Ligaxkako partidan, Urkiak eta Imanolek 45 eta 41 irabazi zuten, 74 minutu iraun zituen eta bigarren zatian erabaki zen partida gogor batean.
Final nagusiaren ondoren, hirugarren posturako neurketa jokatuko dute Deportivon.