GARA > Idatzia > Kultura

Azala zuritu eta jateko prest, dastagarri dugu Gose hirukotearen lan berria

p055_f03_046x064.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Trikitixa eta elektronika uztartuz aurkeztu zitzaigun Gose hirukote arrasatearra, orain dela bi urte, eta «Jaioberriak ibiltzen eta berbetan ikasi du jada», Ines Osinaga abeslariaren hitzetan.

Bilboko Skunk Funk arropa dendan ezhoiko aurkezpena eskaini zuen Gosek, zuzenean joz. Izena baino, ezizena «disko zuria» duen lanean Oihukatik Baga Biga zigilura salto egin dute, eta Osoron (Gatillazo, Des-Kontrol) gitarra eta baxu joleak ordezkatu du Tadeos.

Lan berria Arrasateko Shot! estudioetan grabatu du taldeak iraila eta urria bitartean, eta masterizazioaz Chris Lewis arduratu da. Laguntzaileei dagokienez, Ricardo Altunak, Txema Arzamendik eta Evaristo Paramosek ahotsez parte hartu dute eta Maixa Lizarribarrek trikia, eta panderoak ere jo ditu. Jose G. Izkuek gitarra, Koldo Uriartek teklatuak, Tinok baseak, Bikayoneako Don Luisen semeak bateria eta Santik ukelelea jo dute kanturen batean edo bestean.

Testu lizunez gose, eta trikitixa ezohiko formatu eta musika tresnekin nahastuz, elektro jazza garatzen du taldeak, eskusoinuaren erabilera irauli nahian.

Bi urte pasatu dira debut lana, «disko beltza», Donostiako sex-shop batean plazaratu zutenetik. Geroztik, makina bat zuzeneko eman ditu taldeak eta makina bat ezuste izan ditu, espero ez zituenak eta taldearen bilakaera pausuz pausu moldatzen joan direnak.

Naturaltasunez, Bartzelonako Apolo aretoan emandako zuzenekoa, eta Donostian Fangoriarekin batera jo izana nabarmendu zituen taldeak. Baita ere, «Eutsi!» pelikulako soinu bandan parte hartu izana edo Estatuan zehar Carlinhos «marroiarekin» hiru egunez jo izana.

Lanak kantu ederrak biltzen ditu, tartean A bokal hutsez egindakoa, edo Hertzainak taldearen «Hil ezazu aita» kantuaren birmoldaketa.

Zuzeneko aurkezpenak abian, gaur 20.00etan Getxon joko dute, Udagoieneko Osteran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo