GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Nik ez diot epaiari itxarongo; epaia Euskal Herriak eman zuen aspaldi

p004_f03.jpg

Iker BIZKARGUENAGA GARAren berriemailea 18/98 auziko epaiketan

Sastakadak bezala joan zitzaizkigun heltzen atxiloketen berriak. Bagenekien ezpata hortxe zegoela, zintzilik, duela 9 urte jarri zuten leku berean. Eta bagenekien epaileek hartuko zuten erabakia gogorra izango zela. Ezin besterik espero euskal herritarrak zigortzea beste helbururik ez duen zulotik. Baina bortitza izan da, mailukada baten modukoa.

Teletipo, prentsa ohar, webgune eta albistegiei irrikaz erreparatu diegu egun guztian, berriak jasotzeko, nahiz eta jakin berririk ez dagoela. Betikoa, zuek badakizue. Inork zenbatu al du inoiz zenbat euskal herritar pasa diren Auzitegi Nazionaletik? Zenbat euskaldunek aurre egin behar izan dioten epaile espainol edo frantses bati? Hauxe da, hain zuzen, Murillo, Poveda eta Salinasi hamasei hilabete luzez azaltzen saiatu zaretena. Euskal Herria herri librea dela, nahiz eta kate eta arantzaz inguratu, eta herri libre bezala agertu nahi duela munduan, nahiz eta bidean ehunka, milaka, seme-alaba ziegatan sartu. Beraiek ez dutela ezer asmatu, alegia. Hamasei hilabete eta ez dute ezer ulertu. Berriro ere, beti bezala, makila.

Ezer esan aurretik epaiaren argudioei itxaron behar zaiela entzun diot euskal irrati-telebista publikoko aurkezle bati, Donostiako erredakzioan Sabinok poliziei itxaroten zien une berean. Nik ez diot epaiari itxarongo. Herri honetan, zintzotasun izpiren bat duen edonork badaki hau guztia zer den. Bere gordintasunean. Eta eraso berri honen aurrean, beste behin ere, beste alde batera begiratu nahi duenak egin dezala. Denborak jarriko dio bakoitzari bere hitzen eta ekintzen ispilua aurpegiaren aurrean. Baina ez dezatela berriz esan epaiari itxaron behar diotela. Euskal herritar hauek merezi duten errespetuagatik.

Besarkada bat denoi, bihotzez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo