GARA > Idatzia > Musika

Olentzeroren Durangoko azokako jantziak

Durangoko azoka. Hedabideetan ez da beste ezertaz hitz egiten. Zutabea egun hauetan kaleratu behar izatea ere. Derrigortuta gaude. Ikus dezagun. Antolatzaileen hitzetan: «Helburua, frankismoaren diktadurapeko urte haietan Euskal Herrian zegoen liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea. Helburu nagusia hori bazen ere, euskalgintzan jardunean zebiltzan sektoreen topaleku izatea ere lortu nahi zuten Gerediaga elkartekoek». Frankismo garaiak amaitu ziren (hori esaten dute batzuek behintzat) eta demokrazian bizi omen gara. Euskararentzat, ordea, ez dago demokraziarik. Helburuetan azaltzen ez bada ere, hasieratik azokak euskararen bultzatzaile eta euskararen egoera salatzeko gune izatea bilatuko zuen (ez dugu zalantzarik). 42 urte igaro dira eta gauza asko aldatu dira baina, orduan bezala, euskararen (euskaldunen) eskubideak ez dira errespetatzen eta euskararen (euskaldunen) aurka ematen diren erasoak salatu behar dira. Behartuta gaude, behartzen gaituzte. Azokaren helburuetan, lehena Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea azaltzen da, eta ekoizpen horren zati handia biltzea lortzen dute. Helburu horretan, ordea, erakustoki bakoitzeko 770 euro ordaindu behar izatea ez da oso mesedegarri izango, eta elkarte askorentzat oztopo gaindiezina izan daiteke. Disko etxe txikiek, adibidez, edo disko etxerik ez duten talde eta musikariek, zaila izango dute azokan presentzia edukitzea. Eskerrak Sapuetxe gaztetxean azoka alternatiboa ospatzen den (kultura merkantzia bezala ulertzea da hemen muga: www.zirikatzen.org). Durango Gabonetako opariak erosteko gune erraldoi bilakatu da askorentzat eta, egia esan, joko horretan sartuz gero, hobe horrelakoak egitea beste eratako batzuk baino. Sal-erosketa joko horretan murgilduz gero, ordea, azoka, sektoreen topaleku baino konkurrentziarako gune bilaka daiteke (ea nork saltzen duen gehien; promozioak, argi distiratsuak eta su festak nonahi). Ez gaizki ulertu. Gaia konplexua da eta hemen egin daitekeena baino hausnarketa sakonagoa behar du. Ziur gaude Gerediagak izugarrizko lana egiten duela euskararen alde, baina, Olentzeroa janzteko garaian, nahiago genuke markadun arropa garestiak erosiko ez balira. Eta Olentzeroa edukitzekotan, nahiago genuke Olentzero aberaskume eta kontsumista ez izatea. Garaiz gaude.

Aritz SOUND SYSTEM

Kazetari eta

musika adiktoa

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo