GARA > Idatzia > Futbola

Euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko eguna

Manex ALTUNA

Inoiz baino arrazoi gehiago dago kalera irtetzeko. Azken aldian herri honetan izan diren gertakizunei erreparatzea baino ez dago. Estatu espainiarrak eta frantsesak Euskal Herriaren izaera bera ukatzen dute eta herri honen aurkako erasoak areagotu egin dituzte. Desagerrarazi egin nahi gaituzte. Euskal selekzioen ofizialtasuna oztopatzea eta ukatzea ere, estrategia horren barruan koka daiteke.

Horregatik, udan Paulino Luesmak, Gobernu espainiarrak EAEn duen ordezkariak, helegiteak jarri zizkien nazioartean lehiatzeko borondatea beren estatutuetan agertzen zuten euskal federazioei. Arrazoi beragatik sutan jartzen dira, halaber, «inperioaren» interesak defendatzen dituzten komunikabideak euskal selekzioko futbol jokalariek ofizialtasuna aldarrikatzen duten bakoitzean.

Ekainean Venezuelan jokatutako partidaren ondoren gertatutakoa gogoratzea baino ez dago; izan ere, kritika gogorrak entzun behar izan baitzituzten futbol jokalariek, Euskal Herria nazio denez selekzio propioak izateko eskubidea zuela adierazi zutenean.

Estatu espainiarrak eta frantsesak ondo dakite mapetan agertu ere egiten ez den herri honetako gizartean erabat barneraturik dagoela euskal selekzioek nazioarteko kirol txapelketetan parte hartzearen aldeko iritzia. Hala dela agertu izan du gehiengo zabalak hainbat inkestetan; eta hori erakusteko garaia iritsi da, ezberdintasunak alde batera utzi, eta batzen gaituenaren alde pausu bat emateko. Orain arte inoiz egin ez den manifestazio historiko batean, euskal selekzioen ofizialtasunaren alde, denok batera, «nazio bat, selekzio bat» lema hartuta, Bilboko kaleak jendez gainezka irudikatzeko ordua da. Selekzioen ofizialtasuna ez digu inork emango, eta ez da inondik eroriko. Ez da itxaroten geratzeko unea, politikariek zer egingo ote duten zain.

Ofizialtasunaren aldeko iritzia herriz herri zabaldu eta ezagutzera eman beharra dago kirolarien, zaleen zein herritarren artean. Egoera honetan eroso aurkitzen direnak eta etekinak ateratzen dituztenak salatu; eta mugiarazi, dauden aukerak, egon badaudelako, aztertuz.

Eztabaida berpiztu beharra dago eta indarrak bildu. Abenduaren 29a egun aproposa izango da horretarako. Euskal Herriko eta Kataluniako futbolariak neurtuko dituen partidatik haratago doan ekimena da ESAIT-ek egindako deialdiaren zioa. Bilbon, euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko eguna bilakatuko da abenduaren 29a. Huts egiterik ez dagoen data bat.

Helburu bera duten bi herri neurtuko dira San Mamesen, baina kalean jokatuko den partidak garrantzia handiagoa du, berebizikoa. Entzun ditzatela herri honen taupadak eta gogoak. Hitzetatik ekintzetara pasatuz gero, hurbilago izango baita euskal selekzioen ofizialtasuna ezagutuko dugun eguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo