«Punpaz-punpa iraganetik etorkizunera»
Bote-luzea, hezkuntzak eta ondarea berreskuratzeko nahiak bat egiten dutenean
Orain dela zenbait urtetik hona, irakasle talde bat antzinako pilota jokamolde hau berreskuratu eta ikasleekin lantzen dabil. Horretarako, gida bat prestatu dute eta Durangoko Azokan jarri dute salgai.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Pilotak eskaintzen duen aukera zabala eta askotarikoa da, nahiz eta batzuetan kontrakoa dirudien. Badira atzera begira jarri eta galduta edo galtzear diren pilota jokamoldeak berreskuratzen dabiltzan pertsonak, eta haien lana zinez eskertzekoa da. Lan horretan ezagutu dugun azken jokamoldea bote-luzea da. Laxoa edo errebotearekin erlazio zuzena du, baina horiek baino lehenago sortua da. Hainbat urteko etenaren ostean, irakasle talde batek jokamoldea hobeto ezagutzeko eta ikasleekin lantzeko borondatea erakutsi du azken urteotan. Horretarako, haurrekin bote-luzea lantzeko ariketak biltzen dituen CD bat ere prestatu dute eta Durangoko Azokan jarriko dute salgai egunotan.
Zubietako plazan egin dugu hitzordua taldearekin. Beraiek bezalaxe, gure nahia ere jokamoldearen nondik norakoak ezagutzea da, eta aukera paregabea eskaini digute beraiek nola aritzen diren ikusiz bote-luzera jokatzen ikasteko. Bote-luzea 55-60 metroko eremu ireki eta laukizuzenean jokatzen da, bost edo sei laguneko taldeek jokatzen dute elkarren aurka -batzuk sake-eremuan eta besteak erresto-eremuan- eta botarria sake-eremuaren muturrean kokatzen da. Tenisean bezala -haren aurrekaria baita bote-luzea- helburua kontrako eremuan pilotak bi punpa egitea da, nahiz eta jokoak ezberdintasun nabarmenak izan.
Jokalariek, esaterako, eskasa edo erdiko marra gainditu dezakete sakea atera ostean aurkariaren eremuan jokatzeko. Pilota pasakan erabiltzen den antzekoa da, handiagoa eta goxoagoa, eta edozein gorputz atalekin jo daiteke. Eta ezberdintasun nagusia xixa izeneko irudizko lerroak dira. Pilota bote bat egin ondoren albotik kanpora joaten bada, edota jokalari batek pilota eremu barruan gelditu egiten badu, puntu horretan xixa ezarriko da, eskasarekin paraleloa izango den irudizko lerro bat. Bi xixa egiten direnean edota bakarra, baldin eta taldeetako batek 40 tanto baditu, eremu aldaketa egiten da. Beraz, sakea duen taldeak xixak lortzen saiatu behar du errefera eremu ahalik eta txikienera pasa eta bertatik kintzeak egiten saiatzeko.
Antzinatik datorren moldea
Ellande Alfaro pilotaria da bote-luzea berreskuratu nahian dabilenetako bat. Aipatu digunez, jokamolde hau Zuberoako mendi inguruetatik hasi, eta Nafarroa Beherea zein Garaiko eta Gipuzkoako hainbat txokotaraino zabaltzen zen, baita Aralar inguruko hainbat parajetara ere. Horren adibide dira, mendi horietan oraindik ere aurki daitezkeen pilotasoro edo soropilak, garai hartako pilotalekuak hain zuzen ere. «Zuberoan bada adineko jendea bote-luzea ezagutu zuena. Orain 50-60 urte dituzten pertsonek bote-luzearen berri izan zuten bere garaian. Baina horrek ez du esan nahi hor tartean etenik izan ez denik. Orain Zuberoako herri batzuetan jokoa berreskuratu eta txapelketa batzuk antolatzen hasi dira», azaldu du.
Alfarok argitu digunez, dauden iturri nagusiak Zuberoan aurkitutako idatzi batzuk dira eta haietatik abiatuta, xehetasun batzuk gora-behera, araudi bat osatu ahal izan dute. Edonola ere, zalantza batzuk badira: «Ez dago batere argi sake-eremua eta errefera-eremua neurri berekoak izaten ote ziren. Batzuen ustez, sake-eremuak handiagoa izan behar du erreferari abantaila emateko. Pilotasoroa aldapatsua baldin bazen, adibidez, badakigu botarria beheko aldean jartzen zela erreferari abantaila emateko. Ormarekin ere joka daiteke, nahiz eta dirudien mendian hormarik gabe jokatzen zutela. Eta materiala nolakoa izaten zen ere ez dakigu zehatz-mehatz. Hasieran pilotak nahiko gogorrak izango zirela pentsatzen dugu pilota jotzeko moduagatik. Denborarekin, eta euskaldunak larrua lantzen hasi zirenean, bote-luzetik laxoa sortu zen, eskularruarekin jokatzen dena. Eta gero, errebotea iritsi zen, saskiarekin jokatzen dena».
Baina irakasleekin egiten diren topaketek, ondare historikoaren errekuperazioaz haratago, beste helburu bat ere badute Alfarok onartu digunez: «Gaur egun gehien praktikatzen diren jokamoldeak bakarkakoak edo binakakoak dira. Pilotak kirol indibiduala izateko joera hartu du eta taldeka jokatzen diren jokamoldeek sekulako potentzialtasuna dute, batez ere, haurrekin lanean ari baldin bagara. Gaur egungo jokamoldeetan indarrak sekulako garrantzia du, baina bote-luzeak beste arlo batzuk lantzeko bidea eskaintzen du. Aurrelari batek, esaterako, azkarra izan behar du, bai gorputzez eta bai buruz, eta indarrak ez du horrenbesteko garrantzirik. Horregatik, ia edozein pertsonak joka dezake. Gainera, denok dakigu taldeko kirolak jokatzeko dibertigarriagoak izaten direla normalean».
Tresna erabilgarria
Argumentu horiek guztiak kontuan hartuta, beharrezkotzat jo zuten material estandar bat sortzea interesa duenak nora jo izan dezan, eta hortik sortu zen CDa kaleratzeko ideia. «Ariketa ezberdinak sartu ditugu. Bote-luzean lantzen diren arloak banan-banan sailkatuta eta beste edozein kiroletarako ere erabilgarriak izan daitezkeenak. Irakasleentzat laguntza bat izan nahi du, tresna bat, eta jokamoldea ezagutzera emateko balio badu, askoz hobeto».
«Bote-luzea, punpaz-punpa iraganetik etorkizunera» izena du lan berri honek eta Ikastolen Elkartearen gunean aurkitu ahal izango da egunotan Durangoko Azokan.