GARA > Idatzia > Kultura

Makina bat kontzertu eta antzezlan baten estreinaldia

Durango aukeratu dute Jose Ramon Soroiz protagonista duen antzezlanaren estreinaldiarako; ez da, ordea, datozen egunetan Azokan egingo den ekitaldi bakarra, kontzertuz, disko aurkezpenez eta bertsoz osaturiko egitarauak beste hainbat hitzordu eskainiko ditu-eta.

p051_f02_148x108.jpg

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | GASTEIZ

Behin Liburu eta Diskoen Azokak ateak irekiak dituela, standetatik at ere, badu zer eskaini Durangok. Hala, datozen egunetan kultur egitarau oparo eta anitzaz gozatzeko parada izango dugu. Goizez zein arratsaldez, antzezlanak, bertso saioak eta kontzertuak izango dira, liburuekin eta musika diskoekin batera, protagonista nagusiak.

Xicu Masó zuzendari kataluniarraren zuzendaritzapean egin du lan Jose Ramon Soroizek «Sommer jaunaren istorioa» antzezlanean. Malenkoliaz eta umorez, haurtzaro eta nerabezaroko pasarteak gogora ekarriko ditu aktoreak gaur, San Agustin Kultur Gunean, 20.30ean, lan horren euskarazko estreinaldian.

Euskal Greatest Hits Gaua

Plateruenak badu, urtero legez, gaueko programazio erakargarria. Izan ere, gaurko, eta datozen egunetako, ordutegi berean, 22.30etik aurrera, «Gaztelupeko Hotsak Gaua» antolatu da. Bertan, diskoetxeek kaleratu berri dituzten artisten zuzeneko kontzertuak izango dira entzungai. Bost urteren buruan, Pettik kalean du, jada, laugarren lan luzea eta «On» izeneko disko horretan, dozena bat kantu bildu, eta Xabier Montoia, Joxean Artze, Beñardo Goienetxe, Andoni Tolosa eta Mixel Labegerieren hitzak musikatu ditu kantariak.

Surfin Kaos donostiarrak ere Kafe Antzokian ibiliko dira gaur, beren azken lana, «Tryphyllon», zuzenean jotzeko prest. 70. eta 80. hamarkadetako punk, garage eta hard-rock doinuez beteko dute Plateruena. Gaueko azken musika emaldiak UEK taldearen bigarren diskoaren aurkezpena egingo du. Jon Gurrutxaga, Mikel Arakistain eta Keu Agirretxe hirukoteak «Uhinak» diskoa eszenaratuko du.

Kafe Antzokian arituko diren beste artista batzuk honakoak dira: bihar Mikel Urdangarin («Anek hitz egin dit zutaz»); larunbatean Ken Zazpi («Argiak»); eta Gose, igandean.

Literatura eta musika uztartu dira Bihotz Bakartien Klubak prestatu berri duen «Katamalo» izeneko proiektuan. Larrabetzuko taldeak poemak kantu bilakatu ditu; oraingoan, Gorka Urbizuren ahotsa eta kitarra, besteak beste, lagun dutela. Aurpegi berria BBK-k dakarrena eta bihar, 20.30ean, San Agustin Kultur gunean azalduko duena. Biharko Euskal Greatest Hits Gauak tarte berezia eskainiko die Durangaldeko musika taldeei. Horien mesedetan, larunbatean, 21:30etik aurrera, bertako hamaika taldek beste hainbat banden kantak joko dituzte Andra Mariko elizpean.

Eusko Ikaskuntzak ere, Euskal Liburu eta Disko Azokaren harira, larunbat eguerdirako «Bertso trama» antolatu du. «Etxepare Kodea» izena duen saio berezi horretan Oihane Perea, Uxue Alberdi, Sustrai Colina eta Etxabe arituko dira Xabier Payaren narratzaile lanaren esanetara.

Bada, hortaz, datozen egunetarako ekitaldi ugari, literaturaz, musikaz, edota bietaz batera gozatzeko.

EGITARAUA

Mikel Urdangarin, Gose, UEK, Petti, Surfin Kaos eta Ken Zazpi taldeek joko dute Plateruenan datozen egunetan. Katamalok eta Jose Ramon Soroizek, bestetik, beren lanak San Agustin Kultur Gunean aurkeztuko dituzte, eta Potatok atzo eman zuen Euskal Herrian eskaini duen azken kontzertua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo