Tasio Erkizia Ezker abertzaleko militantea
Euskaldunon kaiola
Urkullu jaunak joan den igandean esan omen zuen: «Espainiako Konstituzioaren barruan erabakitzeko eskubidea defendatuko dugu». Baina PNVk badaki aski ongi hori faltsukeria itzela dela. Hori sofisma hutsa dela. Konstituzioaren barnean guk ez daukagu funtsezko erabaki ahalmenik. Euskal Herria Estatuaren morroi eta menpe dauden bi lurralde gara. Espainiako probintzia edo autonomia esparru bi besterik ez gara.
Euskal Herriarentzat, Konstituzio hau zorrozki lotzen eta mugatzen duen kaiola da. Kaiolan dagoen txoriak hankak izan baditu, baina ezin da ibili, ezin da inora joan. Hegoak baditu, baina hegan egiteko eskubidea ukatzen diote. Hegoak ez dizkiote moztu, baina lotu egin dizkiote. Jabeak nahi duenean ateratzen du eguzki pixka bat hartzera. Nagusien arabera bizi da. Ez da bera, kaiolan dagoen txori tristea da.
Euskal Herriarekin horrelako zerbait gertatzen da. Konstituzio honek gure herria Espainiaren zati bailitzan tratatzen du. Ez da nork bere kabuz izan nahi duen guztia, Espainiaren barruan baino ezin daiteke izan. Hankak loturik ditu. Ezin du bere ibilbide propioa egin. Debekatua du kartzela zigorraren mehatxupean hegan egitea. Amets egitea ere oso arriskutsua da eta «txio-txio» ere neurrian egin behar du, kaiolaren jabeak onartzen duen heinean. Dudarik egon ez dadin, sarri esaten dute: «Konstituzio honek eskaintzen dizuen kaiolatik at ezin zarete bizi, muga horiek gainditu ezinak dira. Horiek dira demokraziaren mugak eta gu gara demokrazia».
Konstituzio hau gure kaiola dela zergatik diogun bistakoa da, baina ez dator gaizki urteurrena betetzen den honetan, labur bederen, zenbait arrazoi aipatzea. Konstituzio honen funtsa, besteak beste, zera da:
España es una e indivisible. Bere bigarren artikuluan argi eta garbi adierazten du. Dekretoz eta gure borondatearen aurka halabeharrez espainol bihurtzen gaitu. Eta, gainera, Hego Euskal Herriko lau herrialdeak bi errealitate autonomikoetan banaturik. Nafarroa alde batetik eta gainerako hirurak bestetik. Nola sentituko gara gustura inposatzen diguten kaiola batean, zeinean, gainera, bitan banatzen gaituzten? Txoriak zer egiten du kaiolaren atea zabalduz gero? Hegaz joango litzateke, ezta? Euskaldunok horixe bera egin nahi dugu.
El Ejército, máximo garante. Estatu espainolaren oinarria ez da herriaren borondatea, ez behintzat euskaldunona, Armadak zelatatzen duen eremua baizik. Orain 30 urte galdetu zigutenean ea espainolak sentitzen ginen ezezkoa eman genien, baina alferrik. Konstituzio honen baitan gure iritziak eta borondateak ez dute tokirik. Kaiolan eta gainera Polizia eta Armadak zainduak.
Imprescindible saber el castellano. Euskara edo galegoa zein Katalana bigarren mailako hizkuntzak dira. Ondo dago jakitea, baina ez da beharrezkoa, eta gainera ikasi nahi ez dutenei ezin zaie inoiz «eskatu». Urteetan baztertu eta erabilera debekatuz «minorizatuak» diren hizkuntzek nekez «normalizatu» dezakete beraien erabilera. Konstituzioak ez ditu hiltzen, baina heriotza bidean uzten ditu.
La economía de mercado es intocable. Ekonomia garatzeko eskuduntza estatuarena da eta, beraz euskaldunok ez dugu gaitasunik geure erara bertako ondasunak kudeatu eta banatzeko. Langile mugimendua nola antolatu ere beraiek zehazten digute. Non dago euskal esparru sozioekonomikoa?
Hezkuntza sistemak «berbera» izan behar du Estatu osoan. Zonalde bakoitzeko «ñabardurak» errespetatuko dira baina «goi mailako ikuskariek» bermatuko dute herri ezberdinek beren hezkuntza sistema antolatu ez dezaten. Dena dago oso ondo lotuta. Argitaratzen dituzten lege organikoek esaten digute zehatz-mehatz nola antolatu behar garen. Euskal Curriculuma? Bai zera! Zuzen-zuzen adierazten digute Madrileko gorteetatik zer irakatsi eta bertako neska-mutilak nola hezi.
Franco hil ondoren, hilabete batzuetan haren oinordekoak kezkati egon ziren. Urteetan pilatutako aberastasunak eta lortutako pribilegioak galduko ote zituzten edo pentsaera aldatu beharko ote zuten. Baina laster konturatu ziren gauzak oso ondo loturik zeudela, eta laster batean berriro ere jaun eta jabe izango zirela. Horretarako, PSOE, PC, PNV, CIU eta zenbait sindikatu «neutralizatzea» izan zen lehen urratsa, gero Konstituzio zentralista eta menperatzailea inposatzeko. Ezker abertzaleak soilik egin zion aurre iruzur horri. Beste guztiak, astiro astiro, armadak inposaturiko bidetik pasatu dira. Hasieran, jeltzale batzuek egun hainbeste goraipatzen duten Konstituzio hau PNVk ez zuen onartu. Baina gutxi iraun zuen koherentzia horrek, berehala amore eman eta Euskal Herria kaiola batean sartzearen aldeko jarrera hartu baitzuen.
Euskaldunok konstituzioa nahi eta behar dugu. Baina nazio gisa funtzionatzea bermatuko diguna. Euskara berreskuratzen eta euskaraz bizitzen ahalbidetu, hezkuntza sistema propioa garatu, euskal esparru sozio-ekonomikoa bideratu eta euskaldun modura bizitzen lagunduko diguna. Gure izaera errespetatu eta nortasuna aitortuko diguna. Euskaldun zein espainiar edo frantziar herritarra izatea bermatuz aukera guztiei eskubide berberak onartzen dizkiona. Euskal Herriarentzat demokrazia.
Euskal konstituzioak ez ditu arazo guztiak gaindituko, ez da inolako panazea. Baina herri txiki honen biziraupena ziurtatuko du. Bere txikitasunean gure izaera eta nortasuna garatzeko aukera emanen digu. Munduan beste bat gehiago, baina nor izatea posible izanen du. Txoriak hegan egin dezan, libre izanen da.