Esparru eta gune propioa aldarrikatu dute Donostiako Piratek herri jaiak ospatzeko
Abenduaren 15ean, larunbatean, Donostiako Antiguako frontoian egingo da urtero garaiotan ospatzen den Gau Pirata. Ekimen horrek hasiera emango dio urte osora begira osatu duten egitarauari, eta erronkari.
Gari MUJIKA |
Iristear den urte berriari begira, Donostiako Piratek ekitaldi berriak iragarri dituzte eta, horiekin, baita helburu eta erronka garrantzitsuagoak ere. Hasteko, urtero legez, abenduaren 15ean Gau Pirata ospatuko dute. Azken urteetan egin izan den lekuan ez, ordea; izan ere, Intxaurrondoko Letaman gaztetxea erautsi baitu udalak eta, ondorioz, aurtengoa Antiguako frontoian egitea erabaki dute.
Koldo Mitxelenan eskainitako prentsa agerraldian, Donostiako Piraten ordezkari diren Aritz Varelak eta Aratz Trecetek, beren poztasuna agertu zuten ekimena sortu zenetik bost urte igaro direnean, urtez urte gehiagora doan mugimendu indartsu batean bilakatu delako Piratena.
Baieztapen horri eusteko, joan den Donostiako Aste Nagusian izandako parte hartzearen datuak mahaigaineratu zituzten. Hala, Gipuzkoako hiriburuko festek irauten duten zortzi egunetatik bostetan antolatu zuten Piratek ekitaldi bat edo beste. Jaien lehen eguneko kontzertuetan bi mila gaztetik gora egon ziren. Are adierazgarriagoak dira Abordatze eguneko datuak: herri bazkarian 1.000 lagunek hartu zuten parte, eta Abordatzean bertan, baltsa eta guzti, 850 pertsona aritu ziren.
«Barrikada burokratikoak»
Datuoi so eginez, Donostiako Udalari zuzendu ziren, zifra horiek kontuan hartzeko eskatuta. Izan ere, udalari egotzi baitzien urtero Piratei ezartzen zaizkien «barrikada burokratikoen» ardura, horien bidez, Donostiako Piraten ekimenak kinka larrian jartzeraino iritsi baitira azken bost urtetako ibilbidean zehar.
Nagusiki, espazioaz dira kexu Piratak, eta horixe izango da datorren urtera begira hartuko duten lehenbiziko erronka. Aritz Varelak esan bezala, «ez gara inolaz ere exijenteak tokia han edo hemen izateko, soilik leku propio bat eskatzen dugu».
Piratak kexu dira urtez urte areago doan mugimendua izaki, egitarau handiagoak eta parte hartzaileagoak osatzen doazen heinean, zailtasunek ere horren parean gehitzen direlako eurentzat. Hala ere, argi utzi nahi izan zuten udalaren ordezkari zen lehengo CAT-ekin eta oraingo Donostia Kulturarekin, «oso ondo» lan egin dutela eta harreman onak dituztela, «ezinbestekoa baita Piratek egiten dituztenen dimentsioko ekimenetarako, udalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin -portua euren eskumena baita- koordinatzea».
Helburua: Espazio propioa
Hala ere, ondoko salaketa egin zuten: «Tonto aurpegia geratzen zaigu beste hainbat kolektibo zein enpresa pribaturi, egun batetik bestera, plazen eta kaleen erabilpena uzten dietela ikusita, gu bukaezineko paper eta tramite zurrunbilo batean murgiltzen garen bitartean».
Ildo berean, aldarrikapen horiek mahaigaineratzen dituzte 2008ko urteko denboraldi berriaren leloaren bidez: «Bota aingura gune herrikoietan». Hala, gune edo espazio propio hori eskuratze bidean, lehenbizi zer egingo duten ere iragarri zuten: Donostiako Udaleko Kulturaren Ataleko arduradunarekin biltzeko eskaera.
Hala ere, horren aurretik, bestelako ekimen bat egingo dute; urtero, abenduko garaiotan ospatzen duten Gau Pirata. Aurtengoan, Antiguako frontoian egingo da, datorren abenduaren 15ean, larunbatean. Arratsaldeko 19.30ean hasiko da jaialdia. Ekitaldia egingo dute lehenbizi, eta jarraian, Habeas Corpus, Insershow eta EH Sukarra musika taldeen emanaldiak. Ondoren, Doka Kafe Antzokian jarraituko du festak DJ Bull-en eskutik.
Gau Piratarako sarreren salmentatik -aurrez, 9 euro, eta bertan, 11 euro balioko ditu-, urte osoko ekimenak finantzatzeko dirua bilduko dute, 2008an ere antolatuko duten Piraten 2. Musika Lehiaketa arrakastatsua antolatzeko, besteak beste. Iazkoan, 40 musika taldek hartu zuten lehiaketan parte, eta aurtengoan gehiago izango dira.
Datorren abenduaren 15ean, larunbatean, egingo da urteroko Gau Pirata. Ohi bezala, Intxaurrondoko Letaman gaztetxean izan beharrean, aurten Antiguako frontoian izango da jaialdia, 19.30etik aurrera.
Ekitaldiaren ondoren, Habeas Corpus (Madril), Insershow (Katalunia) eta EH Sukarra musika taldeen emanaldiak izango dira Antiguan. Horren ostean, Doka Kafe Antzokian jarraituko du festak DJ Bull-en eskutik.