GARA > Idatzia > Real Sociedad

Garitanoren aburuz, «irabazteko behar den guztia dauka taldeak»

 

GARA | DONOSTIA

«Hiru puntuak lortzeko behar den guztia daukagu: gogoa, eta gainerakoa» adierazi zuen atzo Gaika Garitanok entrenamendu osteko prentsaurrekoan, Sevilla Atleticoren aurka berdindu ostean, Cadizen aurka asteburuan jokatuko den partidaren inguruan galdetu zitzaionean.

Erdilari bizkaitarra izan zen atzoko protagonistetako bat. Azken neurketetan Markel Bergara aritu da jokatzen, elgoibartarraren lesioa dela-eta, baina talde andaluziarraren aurka Garitanok hasieratik izango du lekua.

«Talde batentzat lesionatuak izatea okerrena da. Guztion nahia jokatzea dela argi dago, eta pozago zaude zelai gainean zu zaudenean; baina, batez ere, nahi duguna da gure taldea izatea irabazlea», esan zuen.

Sevillako neurketatik gordetzen dituen sentipenak «pixka bat ezberdinak» direla aitortu zuen, aulkitik atera zelako. «Aulkitik urduritasun handiagoz ikusten duzu dena. Han beste taldekide batek jokatu zuen, eta ez da ezer gertatzen. Lanean jarraitu beharko dugu».

Hurrengo neurketari buruz ere, garbi mintzatu zen. «Cadizen kontra Sevillan baino hobeto jokatu behar dugu. Partida guztiak ezberdinak dira, eta Anoetan daukaguna horrela hartu behar dugu: etxean gaude, beste talde baten aurka, eta hiru puntuak lortzeko behar den guztia daukagu. Irabazten saiatu behar gara, neurketa asko berdintzen ari garelako, eta, goian egoteko, puntu bat lortzea edo hiru, ez da gauza bera», esan zuen deriotarrak.

Hala eta guztiz ere, andaluziarrekin «kontuz ibili beharko» direla esan zuen Garitanok. «18 puntu dituzte, baina nire ustez, beren taldea bigarren mailako hiru hoberenen artean dago, eta gorantz egingo dutela uste dut».

Bravo, arazorik gabe

Atzoko beste protagonista Claudio Bravo atezain txiletarra izan zen. Iaz ez bezala, Asier Riesgoren itzalean egonagatik, ordezko izatea arazorik gabe onartu zuen.

«Asier bikain ari denez jokatzen, bera dago taldean eta ez dago arazorik. Guretzat ona da hori, txapelketa honetan puntu ugari eman dizkigulako. Biok lan ona egin dugu orain arte, eta hori partidetan nabaritzen da».

Ez ei da berria Bravorentzat ordezko atezain izatea. «Bizi izan dut lehenago, hona iristean, hain zuzen. Hasieran ez nuen jokatzen, baina itxaron nuen eta geroago jokatu ere bai. Ez dakit hemendik 10, 12, 20 edo 30 partidutara izango den, edota hurrengo urtean, baina nire dohainak erakusteko ordua iritsiko da».

Bestetik, Jon Ansotegi eta Victor Lopez lesioa gertatu ziren atzokoan. Erresonantzia egin ostean, Berriatuko jokalariak ezkerreko belauneko atzealdean zaintiratua zuela ikusi zuten. Fisioterapia saio batzuren ostean jakingo da noiz arteko baja beharko duen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo