Aizkora Urrezko Lehiaketa SOFBOLA Nafarroakoa
Nazabal, Lizarran jokatuko den saioan estreinatuko da
Etxarriko aizkolari txapeldunak, Mugertza II.a izango du lagun, eta gaur eguerdiko norgehiagokan Lopez eta Vicente izango dituzte aurrez aurre
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Aste pare bateko atsedenaren ostean, itzuli da Urrezko Aizkora, eta berriro ekin eta amaitu bitartean, saio andana ikusteko aukera egongo da. Asteburu luze honetan, esaterako, hiru proba egingo dira: gaur, larunbatean eta igandean.
Gaurko egunez urtero izaten da saioa Lizarran eta, aurten ere, ez dute hutsik egingo. Hantxe, Remontival pilotalekuan, izango da hitzordua, 12.00etatik aurrera, eta Nazabal eta Mugertza II.a Lopezen eta Vicenteren aurka neurtuko dira.
Multzo bakoitzean hiru bikote arituko dira, eta lehen proba irabazteak sekulako garrantzia izango du, finalerdietara sailkatzeko urrats handia ematea litzakeelako. Gaurko saioak, gainera, badu erakargarritasun berezia: iazko txapeldunak, Lopez eta Nazabal, elkarren aurka arituko dira, aurten ez dutenez bikoa osatuko.
Nazabal tartean dagoenean, bera izaten da beti faborito, eta gaurkoan ere halaxe gertatuko da. Mugertza II.a izango du lagun, lehiaketa honetako aizkolaririk gazteenetakoa, mutrikuarra, aukera paregabea izango duela bere maila erakusteko.
Lopezek eta Vicentek biko sendoa osatuko dute, baina lan handia egin beharko dute Mutrikukoa eta Etxarrikoa mendean hartu nahi baldin badituzte. Gakoa Mugertzaren lanean egongo da, baina berak berea ematen baldin badu, lan ona egingo du, txapeldunaren alboan aritzeak lagundu egin beharko liokeela kontuan hartuta.
Aizkolariek hainbat lan egin beharko dituzte, eta guztiak egiteko denborarik gutxien eman dutenek lortuko dute garaipena. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtuko dira eta bikote bakoitzeko kideak alde bana erdibituko du. Jarraian, bi 45 ontzako erlojuz kontra moztu beharko dituzte. Ondoren, 60 ontzakoa txanda librean erdibitu beharko dute. Gero, 45 ontzako bat zutik, eta etzandako beste bat. Horiek amaitutakoan, bi 60 ontzako izango dituzte aurrean eta, azkenik, txanda librean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko dituzte.
Idi proba, Leioan
Leioan Euskal Herriko idi proba finala jokatuko da. Bertan, amaitzear dagoen urte honetan Euskal Herrian egin diren hainbat dematan punturik gehien batu dituzten sei idi parek parte hartuko dute. Ekinaldiak, 17.00etan, eta 22.00etan hasiko dira, eta bakoitzean hiru uztarri arituko dira. Noiz zein arituko den, gaur goizean egingo den pisaketaren osteko zozketan zehaztuko da.
Finalerako sailkatu direnak hauek dira: Erreistaren, Txausonen, Lasaren, Txertudiren, Bikiaken eta Lopategiren idi pareak. Punta-puntakoak denak, eta faboritorik ageri ez arren, zenbaitek Txausonen alde egin du.
Lopezek eta Nazabalek irabazi zuten iazko Txapelketa, baina aurten ez dira batera arituko, eta multzo berean egokitu direnez, gaur elkarren aurka arituko dira nor baino nor.
Mugertza II.a da lehiaketa honek duen aizkolaririk gazteenetakoa. 20 urte besterik ez izan arren, oso maila oneko aizkolaria da eta, txapeldunaren babesean, lan bikaina egiteko prest dagoela dirudi.