Laura Mintegi Idazlea
Iragarritako atxiloketaren maleta
Amak sufrituko du gehien. Nekez ulertzen du egoera. Logika kartesianoz erantzuten dit, eta zergatik, eta zergatik eramango zaituzte zu ezertxo egin ez baduzu, baina René Descartesik ez dago logika kartzelarioanNola egiten dira maletak kartzelara joateko? Zer sartu eta zer ez? Zer ez dugu ahaztu behar?
Azken urteetan burura etorri zaigu ustekabean «hau ere ezin izango dut eduki kaiolan». Eta segitu egin dugu egiten ari ginena, ahalegindu gara ideia hori, zoro hori, baztertzen, egunaren edozein unetan, edozein jardueratan ari ginela kartzelarako maletaren ideiak asaldatu egin gaituenean.
Ez ditut sartu behar takoidun zapatak, zertarako, baina ez naiz ibiliko egun osoan txandal hutsean. Preso bai, baina ni naizena izaten segituko dut zuloan, hertsirik egonagatik.
Gimnasia ere egingo dut goizean, soinketa pixka bat, eta zainduko dut neure burua, estima kontua da eta. Liburu hau ordurako gordeko dut, barruan nagoenerako. Zein liburu mota irakurtzen da gusturen kartzelan?
Ez dut ahaztu behar koadrilaren argazkia, Mikelen urtebetetze-afarian atera genuen hura, denak agertzen gara bertan, Ane izan ezik, gau hartan gaixorik egon zen. Aneren argazkia ere sartuko dut. Zer ez dut ahaztu behar? Zer sartu behar da maletan?
Lanean moldatuko dira ni gabe nola edo hala. Iragarrita egon da nire absentzia, aspaldidanik daude jakinaren gainean. Eta nola moldatuko dira etxean? Zein arduratuko da orain hileroko ordainketen kontuaz? Nork eramango du medikuarenera joateko bisiten egutegia?
Amak sufrituko du gehien. Behin eta berriz azaldu badiot ere, nekez ulertzen du egoera. Logika kartesianoz erantzuten dit, eta zergatik, eta zergatik eramango zaituzte zu ezertxo egin ez baduzu, baina René Descartesik ez dago logika kartzelarioan, ez dago geometrika analitikorik estatuaren estrategian.
Hainbatengana jo dugu egun hauetan agurra emateko. Badakigu denboraldi luzean ez ditugula ikusiko, eta idatzi ere, ez dute idatziko, ohitura falta dela diote, badakizu, pentsatu bai, zutaz pentsatuko dut egunero, baina ez espero nigandik ezer idatziko dudanik, horretarako ez dut balio eta.
Bidaia luze baterako prestatuko banintz bezala ari naiz prestatzen maleta; nik eraman ezin dezakedan maleta, ez baitakit noiz eta nola abiatuko den bidaia. Prest utziko dut etxean eta unea heldutakoan norbaitek eramango dit kartzelara. Bidaia luzerako ekipaia da, nahiz eta... jakin ez dakidan zenbateko iraupena edukiko duen, bidaia honen iraupena ez baita kilometrotan neurtzen. Urtetan neurtuko da. Denborak ezartzen du distantzia, ilargirainoko distantzia neurtzen den bezala: argi-urteak zenbatzen dira, ez kilometroak.
Alferrik sartzea mesanotxean ditudan objektu kuttunak, azken oporretara joan gineneko panpina peruarra, edo bide bazterrean erosi genuen artisau-amuletoa. Horiek guztiek ez dute lekurik ziegan, zuloan, presondegian.
Maletan lekua sobera dago, eramango nukeen gehiena eramangarria ez delako kartzelara. Gogoa eta begiak, eskuak eta besoak bete beharko ditut aurretik, eta maleta ikusiezina osatu besarkadez, musuz eta begiradez, eta horiek guztiak nirekin sartu barrura.