GARA > Idatzia > Kultura

IRAKURKETA Hasiera ekitaldia

Umorea gauza serioa da

urten azokak eta biok badugu lotzen gaituen zerbait: umorea. Umoreaz hitz egiteko eskatu didate eta, sinets iezadazue, ez da gauza erraza. A

p047_f01_148x92.jpg

Andoni AGIRREGOMEZKORTA Aktorea

Enrique Jardiel Poncela idazleak zera zioen: Definir el humor es como pretender pinchar una mariposa con el palo de un telégrafo. Eta gaiak dibertigarria badirudi ere, jakin ezazue umorea gauza serioa dela, eta umorearen alde serio horretaz hitz egin nahi dizuet.... Beno, tarteka saiatuko naiz zerbait barregarria esaten, tira!

Aurtengo Durangoko Azoka eta nire arteko lotura umorea dela esan dut lehen. Umorea eta euskalduna izatea, noski. Euskal umoreaz ari garela esango genuke, beraz? Hitzaldi hau prestatzen ari nintzela, burura etorri zitzaidan zenbat elkarrizketatan galdetu ote didaten euskal umoreari buruz, batez ere, Euskal Herritik kanpoko kazetariek, eta jakin-minez, Google-n probatxo bat egin nuen: «humor vasco» eta «vaya semanita» perpausak dituzten web orriak bilatzeko eskatu nion: 3.730 emaitza inguru eman zizkidan.

Bada, nik ez dut «euskal umorea» genero bezala onartzen. Hau da, «Vaya Semanita» euskal umore generokoa bada, zer gertatzen da «Wazemank», «Noaoa», «Martin» erako telebista saioekin, «Aupa Etxebeste!» edo «Eutsi!» gisako filmekin, edo Euskal Herrian zehar egiten diren hamaika antzezlan komikorekin? Horiek ez al dira «euskal umorea»? Zeren umore mota desberdinekoak baitira, baina denak Euskal Herrian eginak. Hori da, hain zuzen ere, «Euskal umorea»rentzat aurkitu dudan definizio bakarra: Euskal Herrian egiten den umore guztia, umore mota kontuan izan gabe. Umorea unibertsala da... Los Morancos ez dira umore andaluziarra egiten duen bikotea.

Behin ,«Vaya Semanita»z Euskal Herritik kanpo hitz egiten, baten batek esan duen beste zerbait: Los vascos aprenden a reirse de si mismos. Ziurrenik intentzio txarrik gabe idatzitako zerbait da, programaren kritika on bat egiteko asmoz. Baina nola idatzita dagoen ikusita, badirudi Espainian aspaldi egiten duela jendeak bere buruaz barre, eta gu atzetik goazela. Topikoen eraginez sortutako iritzi okerra da, begira bestela, nola joan zaien Estatuko telebista kateetan «Vaya Semanita»ren antzeko saioak martxan jartzen saiatu direnean. Zergatik ez du funtzionatzen umore horrek han?

David Allen irlandarrak badu hau guztia oso ongi azaltzen duen esketx bat. Londongo antzoki batean dago, eta dio: «Beno, irlandarrei buruzko txisteak kontatuko ditut. Arazoak sorrarazten dizkidate, baina norberak ezin badio bere buruari barre egin, zer gelditzen zaigu?». Ikusleek txaloka erantzun diote. «Bi irlandar Dublindik atera eta Londonera doaz lanera. Dublingo koefiziente intelektual orokorra erdira jeisten da». Txalo zaparrada. «Batek bere buruaz barre egiteko gai izan behar du, ezta?». Txaloak. «Londonera heltzen dira. Londongo koefiziente intelektuala bikoiztu egiten da». Askoz ere txalo gutxiago. «Ados ginela uste nuen, zeuen buruari barre egin ahal zeniotela!». Norberak bere buruaz barre egitea ondo dago, sanoa da, eta nire ustez, umorearen zentzu bete-betea izatearen seinale argia. Baina, batzuetan egiten dakigula uste dugun arren, ez da hala.

Nork bere buruari barre

Esango nuke, gaur arte umoreari, energia berriztagarriei bezalaxe, ez zaiola behar bezalako arreta eskaini. Errealitatetik ihes egiteko tresna bat besterik ez dela iruditzen zaigu. Ardura handiko pertsonek, politikariek, esate baterako, umoreari ihes egiten diote, edo beren gizatasuna erakusteko bakarrik erabili. Carles Francino kazetariak elkarrizketa batean kontatu zidan, minutu batzuk lehenago politikari batzuk izan zituela bere irratsaioan eta, mikrofono aurrean, elkarri oihuka eta akusazio gogorrak egiten ibili arren, gero, kafe makinaren aurrean, alai eta barrezka ari zirela solasean. Hori zergatik? Zer antzerki mota da hori? Elkarrekin barre egitea oso ondo dago; zergatik ez, ordea, jendaurrean? Zergatik ote dira beren alde umoretsua agertzearen beldur politiko horiek? Alderdi hori landu beharko lukete, noski, batzuetan barregarriagoak baitira serio hitz egiten dutenean.

Nire ustez, agintari askok beldurra dio umoreari, autoritatea kenduko dietenaren beldur direlako, eta umoreak desmitifikatu egiten duelako, eta finkatutakoa zalantzan jarri.

Umorea baliagarria da hainbat kontuetarako: errealitatetik ihes egiteko; arazoak gainditu ezin direnean, momentu batez, ahazteko. Bestalde, arazoak gainditzeko ere balio digu, orokorrean; arazo pertsonalen bat dagoela, hartaz barre egiteko gai izatea, arazoa gainditzeko bidean dagoenaren seinale. Tamalez, Euskal Herriaren kasuan umorea konponbidea baino dezente lehenago heldu dela dirudi, baina tira.

Umorea oso osasungarria da eta ikerketa bitxi batzuk egiteko ere oso baliagarria omen da. Adibide pare bat, eta ez da txantxa, kasu egin: Maryland-eko Unibertsitateko ikerketa batek erakutsi du barre egiteak kaloriak erretzen dituela, eta 100 bider barre eginez bizikletan 15 minutuz ibiltzean erretzen den beste kaloria erretzen dela. Hona beste bat: Hardvard-eko Unibertsitateko J. J. Raley doktoreak dioenez, ikerketek erakutsi dute bakarrik egonda baino 30 bider errazagoa dela jendartean barre egitea.

Umoreak salaketarako ere ahalmen handia du. Umorez egindako salaketa sozial edo politikoak beste erako batzuek baino eragin handiagoa duela esango nuke. Esaterako, nork ez du gustuko Caiga Quien Caiga saioak salaketak egiteko erabiltzen duen umorea? Edo Noaoa saioa hasi zenetik, nori ez zaio xolomo bokaillua jateko gogoa sartu?

Salaketarako ahalmen handia duelako, eta finkatutakoa zalantzan jartzera ausartzen delako, batzuetan zigortua izaten da. Hori da gaur egungo umorearen etsaietako bat. Adierazpen askatasunaren murrizketak. Horren adibide pare bat, oso gertukoak: «El Jueves», «Deia» eta GARAko langile batzuen aurkako auziak erregearen familiaren inguruko umorea egiteagatik. On Juan Carlos konturatu beharko litzateke berak por qué no te callas esaten duen bakoitzean, justu kontrako efektua lortzen duela, asko hitzegitea berataz, onerako eta txarrerako, eta bakoitza ixiltzen duenaren jabe dela, eta esan eta egiten duenaren esklabu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo