Leioako Kantika koralak hamabost kantu berri edo «altxor txiki» eskaintzen dizkie Gabonei
Anartz BILBAO | BILBO
Musika Eskola berezia dugu Leioakoa, musika ikasketei ez ezik sorkuntza artistikoari ere leku egiten diona. «Gabon Kantika!» dute azken argitalpena, asteartean bertan, herenegun, aurkeztua.
Azken egitasmoa duten honetan, koralerako propio sortutako hamabost musika lan berri aurkeztu dituzte, beste horrenbeste musikagile garrantzitsuk sortuak.
2001. urtean Leioako Udal Kontserbatorioaren barnean jaioa, bederatzi-hamazazpi urte bitarteko hirurogei bat gaztetxok osatzen du gaur egun Kantika korala. Dagoeneko makina bat egitasmo grabatu eta kontzertu eskaini izan dituzte, besteak beste, Islandian edo Mexikon.
Goi mailako musikariak
Kantika koralak aurtengo urri hasieran grabatu zuen lana Azkoitiko Santa Cruz komentuan. Kantu bakoitzari dagokion marrazkia berriz, Elena Odriozola marrazkilari ezagunarenak dira. Koralaren zuzendaritza eta ideiaren burua, Basilio Astulez gaztea da.
Duela urtebete martxan jarritako egitasmo honetan Euskal Herriko eta nazioarteko goi mailako musikagileek hartu dute parte. Etxekoen artean, adibidez, Junkal Guerrero andoaindarra, Eva Ugalde donostiarra, David Azurza tolosarra, Xabier Sarasola beasaindarra, Mariano Jimenez tuterarra, Javi Busto hondarribiarra eta Josu Elberdin pasaiarra izan dira.
Nazioartetik, eta adibide gisa, Vytautas Miskinis lituaniarra, Pelle Olofson suediarra, Dante Andreo argentinarra edo Ko Matsushita japoniarra ageri dira beren ekarpena egin dutenen zerrendan. Abiapuntu gisa gazteen koralerako obra eskatu zitzaien musikagile horiei guztiei, gainean ditugun Gabonak gai bezala hartuta.
Estatuko bi emanalditan kantatu ostean, datorren abenduaren 22an Leioako San Juan Bautista elizan ere abestuko dute, lana lagunartean aurkezteko asmoa dutela aipatu dute-eta.