GARA > Idatzia > Kultura

Espainiar Estatuko Liburuaren Legea auzitan Durangoko Azokan

Iazko azaroan aurkeztu eta aurtengo ekainean adostasun zabalarekin onartu zuen Irakurketaren, Liburuaren eta Liburutegien Legea espainiar Estatuko Parlamentuak, 1975etik indarrean zena berriztuz. Durangoko Azokak, mahai inguru bat antolatu zuen atzokoan, lege berriaren nondik norakoak ezagutu eta sortutako kezkak plazaratu asmoz. EAJko parlamentari Aitor Esteban eta Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari Jorge Gimenez izan ziren bertan.

p052_f01_148x088.jpg

p052_f02_097x092.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Atzo arratsaldean, Elkartegiko aretoan, «Liburuaren Legea»ri buruzko mahai ingurua izan zen Durangoko Azokan, bertako zuzendari den Jon Irazabalek gidatua. Partaide, Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari eta Alberdania argitaletxeko editore den Jorge Gimenez batetik, eta espainiar Parlamentuan EAJko diputatu den Aitor Esteban bestetik. Azken hori lege berria onartzeko eztabaidatan parte hartutakoa dugu.

Gaiak bere interesa izateaz gain, euskal liburugintzan eragina izan dezakeen arren, gogor samarra gertatzen da -Azokako jai giroan, are gehiago- eta entzule gutxitxoren aurrean egin zuten mahai ingurua, 16.30ean hasi, eta ordu erdi pasatxoan finitu zela.

Bata zein bestea ados agertu ziren, orokorrean, testu berriak dioenarekin, printzipio generikoak baino ez baitauzka. Hala ere, Estebanek nabarmendu zuenez, oso eremu zabala jorratzen du aldez aurretik, gurean izango dituen eraginak ezagutzeko. Orokortasun asko eta zehaztasun gutxi izan zuen mahai inguruan, irakurleari begirunea agertu, liburutegiak guztiontzat ireki, horiek hornitzeaz arduratu, irakurzaletasuna sustatu eta idazlea begirunez promozionatzeko pausuak ezartzen dituen lege berria ontzat eman zuten batak zein besteak.

Alta, Estebanen hitzetan, legearen garapena autonomi erkidegoen esku geldituko da eta praktikak ezarriko du.

Alde horretatik, gurean aurretiaz arautegia ezarri ez izanaren damua azaldu zuen Gimenezek, lege propioa izan bagenu kalte asko ekiditeko eran izango ginatekeelako, eta instituzioek ez ezik, agian sektoreak berak ere, behar den besteko kemenik eduki ez izana onartu egin zuen.

Bestalde, badirudi testu liburuen afera dela kezka gehien sortzen duena.

Gimenezek eskola liburuen salneurriaren liberalizazioa eta mailegu sistemaren inguruko hausnarketa eskatu zuen, eta dituen arriskuez ohartu.

Legeari faltan botatzen ziotenaz itaunduta, industria ikuspegia erantzun zuten biek ala biek, legeak liburugintzaren alderdi ekonomikoa alde batera uzten duelako, bien ustetan, funtsezkoa dena.

TESTU LIBURUAK

Euskal liburugintzan, fakturazio osoaren % 62 batzen du egun derrigorrezko heziketako testu libururi lotutako lanak, Gimenezek atzo eman zituen datuen arabera.

Testu liburuen deskontua eta mailegu sistemak kezka sortu du argitaletxeetan

Testu liburuen salneurriaz eta deskontuaz ere hitz egin zuten atzokoan eta, aurrerantzean, saltoki handien aurrean, liburudenda txikiek espezializaziora jo beharko dutela gaineratu zuten. Liburuaren legean aipatu ez arren, testu liburuen maileguaz ere egin zuten berba, euskal liburugintzan kezka sortu duen auzia baita. Azkenaldian asko hitz egin da horren inguruan. Bien ustez, baina, euskal kulturaren ezaugarriak kontuan hartuta, euskal liburugintza izango da kaltetua. Testu liburuen maileguaren eragina ez da eskoletara mugatzen, harago doa. Jokoan dagoena normalkuntzarako bidean aurrera egiten ari zen kultur industria baten geroa da. A. BILBAO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo