Marije Fullaondo eta Patxi Urrutia Batasuneko mahaikideak
Oinarri soziala: zure, nire eta ezker abertzalearen erronkak
Zu eta ni, zuek eta haiek, hura, guztiok gara ezinbesteko. Hitz egin, entzun, azaldu, zabaldu eta ahal bada, partaide egin
Ezker abertzalea, jakina denez, mugimendu politiko bat da. Mugimendua diogu, ohiko alderdi politikoetatik bereizten dituen ezaugarriak ditu eta. Lehenik eta behin, sistema politikoan ezarritako borroka eta aldikako erronka elektoraletatik haratago doalako. Bigarrenik, eta agian aurreko arrazoia baino garrantzitsuagoa, dagoen errealitate politiko-soziala kudeatzeko baino areago eraldatzeko lanetan diharduelako. Pentsamendu uniforme eta akritikoen gainetik, ezker abertzaleak bere proiektu propioa du. XXI. mendean, nazioarteko gainontzeko estatuen antzera, euskal estatuak bere lekua izatea. Ez nolanahiko estatua, beste ezaugarri eta kolore batzuk izango dituena baizik.
«Mugimenduak» badira, norbaitek eragiten dituenean ohi dira. Gurean, antolakuntza eta eragite esparruak ez dira bat, baina guztien sinergiek mugimendu bakar bat osatzen dute. Mugimendu honetan konplizitateak eta partaide izatearen sentipenak indarra ematen dio «ezker abertzalearen» norabideari. Ezker abertzalearen altxor preziatuenak norbanakoak ditugu, zu eta ni, ikasgeletako gazteak, ziegetan diren presoak, herri mugimenduko laguna, senide hura, borroka antierrepresiboan diharduen laguna, enpresa delegatua, manifestazioetara doana... finean, arestian aipaturiko norabideari era bateko edo besteko ekimenen bidez «mugimendua» eragin eta osatzen dugun guztiok. Horregatik ezinbestekoa dugu gure artean mintzatzea, konpartitzea, transmititzea, kezkak azaltzea, eta ez norabide bakarrean soilik, ez, gurean joan-etorriko norabideak lehenetsi behar dira; beraz, entzun, jaso, errespetatu ere egin behar dugu. Ezker abertzaleak garai batetik honantz, garrantzia eman dio ariketa honen gauzapenari, jakinik hori guztia modu planifikatuan egin behar dela. Hiriburu, herri eta auzoetan lan taldeak sortuz, norbanakoak zerrendatuz, eurengana ailegatuz eta ariketa-jolasaldiaren beharraz mintzatuz. Hitzordua ipiniz eta modu batez edo bestez, izan kafe bat hartu bitartean, bazkaria edo afaria, banaka, binaka, taldetxoka, baina eginez. Ezker abertzaleak egin nahi duena, zergatik, eta nola, guk geuk gure ahoetatik zabaltzea ezinbestekoa da. Mugimendua gu geu garela adierazteaz gain, ondokoa ohartaraztea ezinbestekoa delako.
Nazio askapen prozesuan urrats erabakigarriak egiteko tenorean da ezker abertzalea, PSOE, EAJ eta NaBai-ren arteko balizko bigarren espainiar erreforma konstituzionalari euste-horma eraiki behar diogu. Horretarako tresna Marko De- mokratikorako Proposamena da, autodeterminazio eta lurraldetasun eskubideei bide ematen diena. Eraldaketa sozialaren esparruan, aldiz, AHT bezalako makroproiektu bati, kapitalismo eta eredu neoliberalaren ikur adierazgarrienari, stop egiteko beharra dugu. Estatu propioa izatearen norabide horretan herri egiten gaituzten zutabe nagusiei astindua eman behar diegu, kultur, hizkuntza, hezkuntza eta bestelako eremuetan. Zu eta ni, zuek eta haiek, hura, guztiok gara ezinbesteko. Hitz egin, entzun, azaldu, zabaldu eta ahal bada, partaide egin, zeren eta «mugimendu» txiki baina anitzen bidez «mugimendu» bakar eta handia sor daiteke, etengabekoa, erreprodukzioa bermatzen duena. Horregatik deia hiriburu, auzo eta herrietara: kolpe errepresiboen gainetik, atxiloketa masibo en gainetik, giltzapean gatibu hartzen dituztenen ordezkoak ziurtatu eta berriak sortzera jo behar dugu, nik zurea, zuek haiena, eman, jaso, zabaldu eta behar denean, ordezkatu ere bai. Ezinbesteko ariketa dugu egiteko.