GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Durango

Jose Luis Elkoro izan zen berba egin ziguna, grabaturik, etxean, esan zuen moduan, bere bila noiz helduko ziren zain. Halere, animoso zegoela helarazi zigun eta animoak bidali zizkigun beste guztioi

Hotza egiteko makina daukaten herria ei da. Hala ere, ostegun honetan ez zen batere igarri. Eta ez abendua epela izaten ari delako, baizik eta eguenean frontoian zabaldu zen berotasunagatik. Euskal Herriaren errepresio historia ikusi ahal izan genuen pantailan. Laburtuta. Oso. Historia horrek inoiz eta benetan argia ikusten badu, lazturak jotako belaunaldirik ez dugu faltan izango hemendik eta urte askora arte.

Baina duintasunaren historia ere bada hori, eta azken kapitulu gogor eta samurra entzun ahal izan genuen grabatutako testimonioan. Gogorra, 18/98 auzia deskribatzeko berbarik ez zaigulako gelditzen, gerra estrategia horretan ez dutelako ezer edo inor errespetatzen. Denak balio du ezker abertzalearen kontra. Samurra, Jose Luis Elkoro izan zelako berba egin ziguna, grabaturik, etxean itxaroten, esan zuen moduan, noiz helduko ziren bere bila. Halere, animoso zegoela helarazi zigun eta animoak bidali zizkigun beste guztioi.

Durango, 1937ko martxoaren 31n bonbardatu zuten herria. 500 hildako baino gehiago. Oraindik entzuten dira zaratak eta negarrak, baina, lehen esan bezala, historiaren zati horrek oraindik ez du benetan argia ikusi, gerra zibilarekin ez baita justiziarik egin.

«Martxurriano, koreano, belarrimotz horiek guztiak, asko eta asko, gerra zibila galduta, Extremaduratik, Andaluziatik, Asturiasetik, Galiziatik, Gaztelatik, hainbat eta hainbat lekutatik, beren herria utzi eta lurralde berri baten bila abiatu behar izan zutenak, Euskal Herrira etorri ziren haiek, trenak beteta, nora zetozen ere ez zekitenak. Orain horien seme-alabek hemen eta gaur euskaraz egiten dugulako eta euskaraz kantatzen dugulako, haientzat guztientzat pasodoble hau...» eskaintzen die Jon Maiak Durangon bertan salgai dagoen Ahaztuak-en disko barruan.

Eta horrela da, justiziarik ezagutu ez duten horien guztien seme-alabak berton gaude, oraindik orain guretzat ere justiziarik ezagutu ez dugula. Francoren heriotzaren, konstituzioaren, estatutuaren sasoikoak gara eta gure gurasoen eta aitita-amamen sasoiko razzia antzekoak bizi ditugu geure inguruan. Hala ere, herriak zutunik dirau.

Durango, azokatik bereiztu ezin den herria. Jendez gainezka egun hauetan. Nork pentsatuko zukeen 1965eko azaroaren 1 hartan, Andra Mariko elizpean lehenengo aldiz egin zenean, kultura erreferente bihurtuko zela Euskal Herri osoan? Eta berdin dit kuxkuxeatzeko besterik ez den, edota erosten diren bost liburuetatik azkenean pare bat bakarrik irakurtzen ditugun... Zita ekidinezina da askorentzat. Herritik sortutako elkarte baten eskutik, gainera, apurka eta gogoz.

Beste batzuk ahalegintzen dira erreferente artifizialak sortzen, baina alferrik: «dena herriarentzat bailitzan, baina herria sekula kontuan izan gabe» formulak nahi eta nahi ez, porrot egiten du berehala. Konpondu «egitasmoa», esaterako: 200.000 euro, 500 lagunek bakarrik parte hartzeko. Ez da lehena, ezta azkena ere. Txarrena da geure poltsikoetatik gastatu dutela hori guztia...

Baina, inguru-minguru ibili gabe, Durangoz ari ginen... Ez da herri txarra Durango, eta parrandan joateko are gutxiago. Aprobetxatu, beraz, berandu baino lehen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo