GARA > Idatzia > Euskal Herria

Guztion konpromisoa beharrezkoa delako, ekitaldi ugari Elkartasun Hilabetean

«Ez da inplikazio ttipirik...». Egiten den oro da beharrezkoa eta egunotan, Elkartasun Hilabetearen harian antolatutako ekimenak direla medio, presoen alde eta errepresioaren aurka inplikatzeko aukerarik bada.

p019_f02.jpg

GARA | BAIONA

Euskal preso politikoen estatusa aldarrikatzea, hau da, kartzelatuta dauden gizon eta emakumeei oinarrizko eskubideak eta eskubide politikoak errespeta diezazkieten eskatzea, Estatu frantsesak abian duen kartzela politika eta errepresio politika salatzea... Aldarrikapen ugari besapean hartuta abiatu zen abenduaren hastapenean Elkartasun Hilabetea ekimenez gainezka. Abenduaren batean, Urruñan egin zuten bertso saioa izan zen, hain zuzen, euskal preso politikoen alde antolatutako lehendabiziko ekitaldia.

Baina oraindik ere hilabeteak luze joko du eta izango da presoen aldeko ekimenetan parte hartzeko aukerarik han eta hemen. Bihar, esate baterako, kantaldia egingo dute Kanbon. Erramun Martikorena, Eneko Labéguerie eta Anje Dualde abeslariek eskainiko dute.

Hilabeteko ekimenik entzutetsuena ordea, hilaren 22an izango da Ezpeletan. Arratsaldeko 17.00etan abiatuko da egun horretarako iragarrita dagoen Rock maratoia. Ken Zazpi eta Esne Beltza taldeek hartuko dute parte kontzertuan. Talde bizkaitarrak kaleratu berri duen diskoan bildutako kantuak abestuko ditu bertaratzen diren guztien gozagarri. Esne Beltza, besteak beste, Etzakit, Joxe Ripiau eta Izotz taldeetan jardundako hainbat musikarik osatzen dute. Eta musika mota ezberdinak tartekatzen dituzten euren emanaldietan.

Urte bukaeran ugaritu egingo dira ekitaldi eta ekimenak han-hemen. Santo Tomas egunaren karietara, esaterako, deialdiak egin dituzte, besteak beste, 21ean Hendaian eta Ziburun. Gabon Egunean, bestalde, Olentzerorekin irtengo dira kalez kale, Hendaiako Kanttunetik eta Baionako Epaiskatik.

«Guztion beharra dago»

Antolatzaileek, errepresalialituen eskubideen alde eta errepresioaren aurka jarduten duten taldeek, azken urteetan kartzelaturik dauden pertsonen egoerak okerrera egin duela gogorarazi eta berebizikotzat jo dute konpromisoak hartzea. «Estatu frantsesaren errepresio politikari uko egiteko, militante espetxeratuak eta haien familia eta hurbilekoak ere zigortzen eta hiltzen dituen urruntasunaren, sakabanaketaren eta isolamenduaren kartzela politikari uko egiteko» denen inplikazioa ezinbestekoa dela deritzote.

Horregatik elkartasuna adierazteko makina bat bide jarri dituzte, bakoitzak ahal duen moduan lagun dezan; antolatzaileek adierazi dutenez, ez baita «inplikazio ttipirik...» guztien beharra dagoenean.

bihar

Arratsaldeko 16.00etatik aurrera Kanboko Mixel Labegueire salan Erramun Martikorena, Eneko Labégueire eta Anje Duhalde abeslariek kantaldia eskainiko dute.

Abenduak 22

Rock maratoia egingo dute Ezpeletan. Ken Zazpi eta Esne Beltza taldeak arituko dira bertaratzen diren guztien gozagarri. Kontzertua arratsaldeko 17.00etan hasiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo