GARA > Idatzia > Eibar

BIGARREN MAILA Eibar

Hondotik urruntzeko aukera ezin hobea gorri-urdinentzat

Konfiantzaz beteta heldu da Eibar Las Palmasera, azken sailkatuaren aurka garaipena lortzeko asmoarekin.

p044_f02_148x100.jpg

LAS PALMAS - EIBAR
 
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Aprobetxatzeko, aurkariaren laguntza beharko du, baina eduki, behintzat, badauka aukera ezin hobea Eibarrek gaur arratsaldean, beherapen postuekiko abantaila lortzeko. Ederra da gaur egun dutena ere -sei puntukoa, zehazki-, baina joan den astean gertatu zen bezala, Eibarrek gaur hiru puntuak lortuko balitu, aurkari zuzenari puntuak gehitzeko aukera kenduko lioke; eta hala, hamalau puntuko aldea aterako lioke Las Palmasi, hau da, azken sailkatua den gaurko aurkariari.

Helburu hori lortzeko asmotan, Eibarrek konfiantzaz beteta, eta hainbat berritasunekin egin du Kanaria Handirako bidaia; nabarmenena, Xabi Iruretagoiena. Manu Herrera gripeak jota dago, eta Manixek bigarren taldeko atezaina deitu du haren ordez. Lesioak gaindituta, Jon Altuna eta Nico Medina itzuli dira deialdira zigortuta dauden Markel Robles eta Manelen ordez.

Hamaikakoari dagokionez, badirudi Manixek David Zurutuza jarriko duela pibotean, Roblesen ordez. «Jokalari desberdinak dira», onartu zuen; horren ondorioz, Carmelok posizioa atzera dezakeela azaltzeko. Entrenatzaileak atzo zuzendutako lan-saioaren arabera, Albert Yagüe hamaikakora itzul daiteke, Asier Goiria ordezkatzeko. Hamaikakoa osatuko duten gainontzeko jokalariak Poli Ejido menderatu zutenak izango dira.

 
Bia jarriko luke Manixek kinielan zalantzarik gabe

Faborito hitza ez zaio gustatzen, baina taldeak Las Palmaserako bidaia konfiantzaz beteta egin duela onartu zuen Javier Mandiolak, eta zera esan: «kiniela egiteko orduan, bi jarriko nuke, zalantzarik gabe».

Eibartarrak badaki «sailkapenean desberdintasunak egon arren, partida batean edozein gauza» gerta daitekeela; jokalariei buruz ere mintzatu zen: «duten maila erakusten badute, lehiatsuak izango gara, eta saria eskuratzeko aukera asko izango dugu». Bere ustez, alde horretatik, erabakigarria izan zen Poli Ejidoren aurkako garaipena, «arriskuak hartzeko eta ausardiaz jokatzeko tartea» emango baitie.

Las Palmasen egoera txarra zelaian islatzea espero du Manixek, nahi z eta haien lana beti berbera izan; baina honakoa ere bota zuen: «lehen ordu erdian ez badute ondo jokatzen, jendea urduri jar daiteke».

Juan Manel Rodriguezek, bere taldeak presioa motibazioa bilakatzea espero du. Batez ere, «oso talde on baten aurka». «Eibarrek defentsa lanak ondo egiten ditu, baina baloia ukitzen ere badaki», gaineratu zuen azkenik.      A.U.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo