GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Nazabalek eta Mugertzak aurreikuspenak bete dituzte

Lehen proban berdindu egin baldin bazuten ere, gainerako guztietan erraz menderatu zituzten Juanjo Lopez eta Daniel Vicente

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko Aizkoran ez zen ezusterik izan herenegun eguerdian Lizarran jokatu zen saioan, eta Nazabalek eta Mugertza II.ak erraz lortu zuten garaipena Lopezen eta Vicenteren aurka.

Sei proba ezberdin egin behar izan zituzten bikoek, eta bat ez beste guztietan atera zen garaile amaieran irabazi zuen bikoa. Irabazi ez zutena lehen proba izan zen, horretan berdindu egin zuten. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta biko bakoitzeko aizkolariek, erdi bat moztu behar zuten. Bi bikoek, 39 kolpetan erdibitu zuten enborra.

Hortik aurrera, ordea, Nazabal eta Mugertza nagusi izan ziren proba guztietan. Ondoren bi 45 ontzako erlojuz kontra mozten aritu ziren, eta Mutrikukoak eta Etxarrikoak, minutu bat eta 46 segundo behar izan zituzten, aurkariak baino hiru segundo gutxiago.

Hirugarren lanean, aizkolariek txanda librean 60 0ntzako enborra moztu behar zuten, eta berriro ere Mugertza eta Nazabal izan ziren nagusi, eta lan honetan, gainera tarte handi samarra zabaldu zuten. 2.24 izan zen beraien denbora, eta 2.50 Lopezena eta Vicenterena. Lan horren ostean, 27 segundoko aldea zuten Nazabalek eta Mugertzak beren alde.

Laugarren proban, aldea handitzea lortu zuten. 45 ontzako bi moztu behar zituzten, bat zutik, eta bestea etzanda, eta Nazabalek eta Mugertzak, bi minutu eta 14 segundotan erdibitu zituzten bi enborrak, hala aurkariei 26 segundoko aldea atera zieten.

Alde horiek areagotu egin ziren azken-aurreko lanean. Hor 60 ontzako bi moztu behar zituzten, aizkolari bakoitzak bana, eta faboritoek lau minutu eta zazpi segundotan amaitu zituzten lanak. Vicentek eta Lopezek ostera, 4 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten. Txanda libreko proba luzea bakarrik falta zen ekinaldia amaitzeko, eta gipuzkoarrak eta nafarrak minutu eta 12 segundoko aldea zuten une horretan.

Azkeneko proba, txanda librekoa zen. Biko bakoitzak 45 ontzako bi, bi kana-erdiko eta 60 ontzako bi moztu behar zituen, eta horretan ere faboritoak izan ziren nagusi. 8.32 izan zen beraien denbora, eta 8.47 galtzaileena. Amaieran, lan guztiak burutzeko, 19 minutu eta 42 segundo behar izan zituzten Nazabalek eta Mugertzak, eta 21 minutu eta 9 segundo, berriz, Lopezek eta Vicentek.

Bi saio

Urrezko Aizkorak, ordea, ez du geldialdirik izango hemendik amaierara bitartean, eta lehen fase honetako beste bi ekinaldi izango dira gaur eta bihar. Gaur, Mendaroko pilotalekuan arituko dira aizkolariak, 12.30etik aurrera. Bertan, Arria V.a eta Peñagarikano Arrospideren eta Zubiagaren aurka neurtuko dira. Ekinaldia oso erakargarria da, bi bikoak baitira multzoko indartsuenak, ustez behintzat, hori dirudi.

Asakoren ustez, Arria eta Peñagarikano, gainera, txapela irabazteko ere faboritoak dira, baina izerdi ugari egin beharko dute gaur Arrospide eta Zubiaga mendean hartzeko. Leaburukoarentzat lan hauek primerakoak dira, eta bera gainditzea ez da erraza izango, nahiz eta Zubiaga, beste biak baino gutxiago den.

Bihar, berriz, Tolosan izango da saioa, 12.00etatik aurrera. Eguraldi ona izanez gero, Triangulo plazan jokatuko da, eta txarra izanez gero, berriz, Beotibar pilotalekuan jokatuko da. Bertan, Olasagasti eta Mujika, Ugartebururen eta Azurmendiren aurka neurtuko dira. Arriarangoak eta Ezkiokoak oso bikote sendoa osatzen dute, baina Olasagasti beti kontuan hartu beharreko aizkolaria da. Berarekin, gainera, Mujika arituko da. Ibarrakoak denboraldi paregabea egin du, eta Bigarren Mailako txapela ere jantzi du. Saio estua iragartzen da.

Mendaro eta Tolosa

Gaur eguerdian, Mendaron neurtuko dira Peñagarikano-Arria V.a eta Zubiaga-Arrospide. Bihar eguerdian, berriz, Tolosan izango da ekinaldia. Han, Olasagasti-Mujika Ugarteburu-Azurmendiren aurka neurtuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo