Errugbia
Aurrera egiteko Avironek irabazi egin behar du
J.L. | BAIONA
Aviron taldea nahi eta nahi ez irabazi beharra du gaur ilunabarrean Sale Sharks taldearen aurka, European Challengeko final-laurdenetan izan nahi baldin badu. Garaipena eskuratzen baldin badu, aukerek bere horretan jarraituko dute, baina galduz gero, oso zaila izango luke hurrengo fasean egotea.
Partida zaila dute euskaldunek, ingelesek orain arteko bi partidak irabazi egin baitituzte. Hala ere, euskaldunek itxura ona eman nahi dute, eta joan den larunbatean Biarritzen aurka galdutako derbia ahazteko erarik onena da Sale bezalako talde bat mendean hartzea.
Hala ere, txapelketa honek ez du lehentasunik talde zuri-urdinarentzat, izan ere, Liga da lapurtarrentzat garrantzia duen lehiaketa. Beraz, normalean aritzen ez diren jokalariek izango dute jokatzeko aukera gaurko partidan. Hala ere, hamabostekorik ez dute eman ezagutzera Avirongo entrenatzaileek, eta litekeena da tartean ohikoren bat sartzea ere.
Talde honetan, Salen, alegia, aritu zen iazko denboraldira bitarte Daniel Larretxea, eta horrek ere ikusmina areagotu egin du gaur iluntzerako. Zuraidekoa, ordea, min hartuta ibili da, eta ez du lan arina izango gaurko partidarako prest egon nahi baldin badu. Aurkaria zein den ikusita, pentsatzekoa da, lehiaketa honetan normalean izaten den baino jende gehiago izango dela gaur Jean Daugurreko harmailetan. Partida zelaitik ikusi ezin duenak, berriz, Frantziako Eurosport telebista katearen bidez jarraitu ahal izango du
Ohorezko Maila
Ohorezko Mailan, Bera Bera izango da etxean arituko den talde euskaldun bakarra. Gipuzkoarrak sasoiko daude, eta puntuei eutsi nahi diete, azken bolada onarekin jarraitu ahal izateko. Urdinek, bihar eguerdian, 12.00etan hasita, Pozuelo taldea hartuko dute.
Ampo Ordiziak ere ez dauka partida erraza, baina arrisku postuetatik ihes egin nahi baldin badute, garaipena lortu behar dute. Madrilen jokatuko dute bihar 12.30etik aurrera Alcobendas taldearen aurka. Joan den igandean eskuratutako garaipenak indar handia eman dio Axio Arañak zuzentzen duen taldeari. Ustez, partidarik errazena Getxo Arteak dauka. Bartzelonaren zelaian jokatuko du bihar 12.30ean hasita. Horitxoek azken neurketak galdu egin dituzte, eta arrisku postuetatik oso gertu daude.
Ohorezko B Mailan, biharderbia izango da 12.00etan Gernikan, Urbieta zelaian, bertako taldearen eta Hernaniren artean. Durangok, gaur Vigon jokatuko du. 12.00etatik aitzinera.