Bezperako «uholdea» baretuta heldu da euria, eta harekin batera georgiarrak ere
Eguzkia eta euria. biak ala biak izan ditu dagoeneko erronka Durangoko Azokak. Bezperako jendetzaren ostean, lasaixeago joan zen eguna atzo Landakon. Goizean goiz, baina, mugimendua hasia zen berriro. Georgiako ordezkariei harrera egiteko hitzordua deituta zuten Udaletxean.
Izaro AULESTIARTE
Aurten Georgiako literatura gertutik ezagutzeko aukera izango da Durangon, iaz Gerediaga Elkarteak eta Euskal Idazleen Elkarteak abiatu zuten ekimenari segida emanez. Eta harrera-ekitaldi xume batekin agurtu zituzten atzo goizean herrialde hartatik gurera etorritako ordezkariak. Juan Jose Ziarrusta alkatea buru, udal ordezkariak, EIEkoak -Fito Rodriguez lehendakaria tartean-, Gerediagakoak eta Ertoba euskal-georgiarren elkartekoak batu ziren udalbatza aretoan. Baina bertan ez ziren izan beharreko oro. Hain zuzen ere, bisatu arazoak tarteko, Georgiatik irten ezinda geratu dira aurten Nugzar Tsikaluri eta Tamar Ebralidze, eta azkenean David Magradze eta David Turashvili etorri dira, baita Ertobako kideak ere. Elkarte horretako lehendakari orde Tamara Gamilagdishvilik hartu zuen hitza alkatearen ostean, eta aurten Georgiako herriari egindako gonbidapena «ohorea» dela esan zuen, eta euskaraz mintzatzera ausartu, eta «eskerrik asko» bota zuen. Zurab Pololikashvili enbaxadoreak helarazi eskutitza irakurri zuen gero. Neurri batean, herrien artean halako harreman kulturalak sustatzea beharrezkoa delako, eta gure ondorengo belaunaldien onurarako ere badelako. Horregatik goratu zuen enbaxadoreak ekimen honen esangura.
Abiapuntua, Goienkale
Bada, Azokara sartu, eta kanpoko euri zaparradaz babesteko aukera, gustura hartu genuen, Mikel Laboaren musikak bozgorailutik geuri ere harrera goxoa egiten zigula-eta, are gusturago. Eta Goienkalerantz jo genuen, nonbaitetik hasi behar!
Ken Zazpik 1.000 ale bai jada
Barrenkalen musikari eskaini genion pixka batez arreta. «Zenbat disko ditu Zea Maysek?», emakumearen galderari taldeko Aiora Renteria abeslariak berak erantzun zion erakusmahaitik bost dituztela jada kalean, berriena «Morphina». Metro eskas batzuk harago, Gorka Urbizuk neska koadrila gazte bati irribarretsu sinatu zizkion Berri Txarrak taldearen historiako 25 hilabeterik bizienak jasotzen dituen rock dokumentala.
Oihukako kideak, parean, lasaiago ari ziren bezperan baino, eta standean dituzten diskoekiko harreraz itaunduta, duda izpirik ez zuten agertu. Ken Zazpi aipatu ziguten, atzo goizerarteko ibilbidean, mila ale salduta baitzituen haren «Argiak».
Eta, ordurako 17.00ak... Nork esan zuen Landakon «trafikoa» lasai dabilenik? Ez dakit ba...