«Euskal Herriaren etorkizunak izen bakarra du: independentzia»
PSOEren eta EAJren erabakiek eta ekinbideek, azken asteotan eta hilabeteotan, Euskal Herrian «argazki latza» utzi dutela salatu zuten atzo gazte independentistek Durangon egindako ekitaldi politikoan. Independentziari ateak ixtea helburu badute ere, Euskal Herriaren askatasuna atzeraezineko bidea dela erantzun zieten gazteek arduradun politikoei.
GARA | DURGANGO
Ehunka lagunek hartu zuten parte atzo gazte independentistek Durangon egin zuten ekitaldian, non Xabier Amurizak eta Tasio Erkiziak ere hitza hartu zuten. Argi adierazi zuen oholtza gainera igo eta hitza hartu zuen gazteak, nahiz eta Euskal Herria aro errepresibo berri batetan murgildurik egon, independentziaren aldeko mugimendua geldiezina dela esanez. «Euskal Herriaren etorkizunak izen bakarra du: independentzia», gaineratu zuen gazteak.
Ehunka gazte bildu ziren atzo arratsaldean independentziaren aldeko aldarrikapenaren babesean. Hitza hartu bezain laster, gazte independentistak azken asteotako argazkia erakutsi zuen; ikusarazi baino, argazki horrek biltzen dituen gertaeren berri eman zuen: 18/98 auziko atxiloketak, Donostiako 15 gazteren atxiloketa, Capbretonen bi guardia zibilen heriotza... Honakoa, argazki «latza» dela aitortu zuen gazteak, baina egilea nor den ere azaldu zuen: «hau, PSOEren eta EAJren iruzur saiakerak utzi digun lehen argazkia da».
Euskal Herriak uneotan duen argazkia hori bada, horrela izateko arrazoiak egon badaudela gaineratu zuen; baita izendatu ere: bertan behera gelditu den prozesu negoziatzailearen ondorioa hain zuzen; ezker abertzaleak mahai gainean jarri zuen proposamen demokratikoari muzin egin, eta PSOE eta EAJ negoziazio mahaitik altxatzearen ondorioa.
«Hartu, lurrera bota eta zapaldu»
«Eskuan izan zuten gatazkaren konponbiderako proposamena Urkulluk, Rubalcabak eta gainontzekoek. Eta zer egin zuten proposamenarekin? Hartu, lurrera bota eta zapaldu», gaineratu zuen haserre gazteak.
EAJko hautatu berri den presidentea ere, Iñigo Urkullu, hizpide izan zuen. Kargu-hartze egunean Bizkaiko politikariak ahoan erabili zuen esaldia hartu zuen, Euskal Herria Estatu espainoleko konstituzioan kabitzen dela, alegia. «Nola kabituko da ba, gure erabakitzeko eskubidea erabaki subjektu bakarra «espainiar herria» dela dioen kartzela horretan? Gu hor ez gara kabitzen!», adierazi zuen.
Hala, PSOEren, EAJren eta NaBairen aurkako hitzak izan zituen gazteak, bere esanetan, Madrilekin egindako akordioa «herri honen zapalketa betikotzeko bide-orria» delakoan.
Hala, «Sabin Etxeko euskaldun jatorren kofradia», EAJ, alegia, PSOEren ezinbesteko aliatu bilakatu dela salatu zuen gazteak; «negozioen truke», Euskal Herria «saldu» eta bere herritarrak kolpatu behar baditu ere. Nahiz eta ezker abertzalearen proiektua erasotzeko asmoak izan, independentziaren aldeko indarra geldiezina dela erantzun zien irmoki gazteak.