Joan-etorriko hitzen itzala, Sarrionandia alemanieraz eta Kafka euskaraz
A. BILBAO | DURANGO
Edorta Jimenez eta Naroa Zubillagak gidatutako ekitaldi xume bezain gozo baten bitartez, Joseba Sarrionandia gogoan izan genuen atzo eguerdian Plateruenan, alemanian itzultzaile dituen Raul Zelick eta Petra Elser bertan zirela aprobetxatuz.
Sarrionandiarena dugu alemanieraz eman den euskarazko lehen liburua, «Ni ez naiz hemengoa», gaztelaniaazko bertsiotik egindako itzulpena bada ere (Atxagarekin gertatzen den gisara). Gainera, plazaratu berria da Zelickek eta Elserrek itzuli duten «Der gefrorene Mann / Lagun izoztua» (Blumenbar argitaletxea), iurretarrak idatzitako nobela bakarra.
Ez dira aipatutakoak alemanieraz irakur daitezkeen euskal liburu bakarrak. Aurten, Arantxa Urretabizkaiaren «Koaderno gorria / Das rote heft» (Erein, 1998) eta Edorta Jimenezen «Kilkerren hotsak / Der lärm der grillen» (Susa, 2003) alemanieraz kaleratu ditu Pahl-Rugenstein argitaletxeak eta beste horrenbeste egingo omen dute Anjel Lertxundiren «Hamaseigarrenean aidanez» eta Aingeru Epaltzaren «Rock'n'roll» lanekin ere.
«Hitzen itzalen arteko harremanak joan-etorrikoak direnez», Jimenezek esan zuenez, present izan zuten atzokoan Naroa Zubillagak alemanieratik euskarara itzulitako Frank Kafkaren «Bizian argitaratuak» liburua, eta Kafka eta Sarrionandia malenkoniaren bitartez josi zituzten, bataren zein bestearen olerki eta testu pasarte ederrak bi hizkuntzetan irakurriz. Raul Zelickek idatzitako «Lagun armatua» ere aurki izango dugu euskaraz, egun itzulpena egiten ari baitira Txalapartan datorren urtean argitaratzeko asmoz.
Ekitaldian, lurrean sakabanaturik zeuzkaten liburuak hartuz, Jimenezek eta Zubillagak euskaraz irakurritako testuak Zelickek eta Elserrek alemanieraz irakurri zituzten txandaka, hizkuntza bien arteko soinu ezberdintasun bitxia agerian utziz. Hitzen oihartzuna biderkatzeko, luxuzko gonbidatua izan genuen kantari. Sarrionandiaren kantu ederrak ditu musikatuak Ruper Ordorikak, eta gitarra hutsaren laguntzaz «Martin Larralde» eta «Ibaia» kantatu zituen atzo, itzulpenen garrantzia goraipatu ostean. Bazkalordua izanik, hasieran ordu erdiko ekitaldiak ez zuen merezitako arreta izan, eta pixkanaka bereganatu behar izan zituen entzuleak, txalo artean bukatzeko. Tartean, baziren euskara ikasten ari diren alemaniar batzuk ere.