GARA > Idatzia > Kultura

Bilgune Feministak nobedadeen %22 besterik ez dela emakumeek ekoitzitakoa salatu du

Emakumeek ekoiztutako literatura «femenino»tzat soilik hartu ohi dela eta gizonezkoena berriz «unibertsaltzat» jotzen dela esan du Bilgune Feministak. Bestalde, agenda emakume bertsolariei eskaini die.

GARA | DURANGO

Euskal Herriko Bilgune Feministak aurtengo azokan emakumeek egindako ekoizpena nobedadeen %22 inguru besterik ez dela salatu du.

Durangoko Azoka «Euskal Herriko musikarien eta idazleen topalekua» dela gogorarazi du, eta «herri honetan desbedintasun sistema batean» bizi garela ere adierazi du. Alde horretatik, Bilguneren iritziz «sexu bereizketaren ondorioz, emakumeak ez du gizonak adina denbora arte adierazpenak eta sormena lantzeko, ezta espazio propioa edo baliabide ekonomikoak izateko aukerarik ere». Gizonezkoen literatura «unibertsaltzat» jotzen da, emakumeek egindakoa aldiz, «literatura femeninoa edo emakume literatura kontsideratzen» dela argitu dute.

«Egun, liburuetan eta aldizkarietan agertzen diren ekarpen gehientsuenak gizonezkoenak izaten jarraitzen dute. Horren arrazoia ez da emakumeek gaitasunik edota formaziorik ez izatea, desoreka horrek lanak ezberdin baloratzearekin du zerikusia», gaineratu dute.

Horiek hala, «aurten editorialei eta Gerediaga elkarteari emakumeen ekoizpenak nabarmentzea eta jarduera parekide bat garatzeko ekimenak prestatu eta garatzea» proposatu diete, eta irakurleei, berriz, «emakumeen lanak irakurtzeko» gonbitea egin diete.

Azkenik, Euskal Herriko Bilgune Feministak prest du jada urteroko agenda. 2008ko agendak emakume bertsolarien ahotsa entzutea du xede, «lehen ziren, orain diren eta izango diren emakume bertsolarien lana ezagutarazteko», hain justu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo