GARA > Idatzia > Editoriala

«Nazio sarekadaren» azken atal tristea

Atzo Auzitegi Nazional espainolean deklaratu zuten zazpi gazte donostiarrak aske atera ziren, haietako seiri Fernando Grande-Marlaskak seina mila euroko fidantza ezarri bazien ere. Zazpi gazte horiek, herenegun epaileak kartzelara bidali zituen beste zortziekin batera, asteartean Auzitegian beren kabuz aurkezteko asmoa zuten, baina Poliziak atxilotu egin zituen Auzitegiaren atarian bertan, Grande-Marlaskaren aginduz. Epaile horrek ezin du argudiatu hamabost gazte horiek ihes egiteko arriskurik zegoela, baina dagoeneko ohitura da, Auzitegi horretan bereziki, epaileen erabakiak argudio argietan oinarrituak ez izatea. Atentzioa ematen du, bestalde, epaileak gazte haietako zortzi kartzelatu ondoren, beste zazpiak Soto del Realgo kartzelan beste bi egunetan eduki izana, atzo aske utzi  zituen arte.
Operazioa lehenago hasita zegoen, eta haren emaitza iragarrita. Urriaren 30ean beste zazpi gazte donostiar atxilotu zituztenetik, Donostiako kale erasoen «burugabetzeaz» hitz egin zuten Alfredo Perez Rubalcaba ministroak, eta hedabideek; beti ere ohiko «polizia-iturriak» aipatuta baina ikerketen emaitzei eta epaileen erabakiei itxaron gabe, operazioaren «arrakasta» goraipatu eta gidoiari estu lotuta jarraitu zioten, eta hala gazte horiek eta ondoren atxilotuko zituztenak errudun jo zituzten; hartarako AHTren kontrako propaganda edo auzo bateko jai batzordearen suziriak gazteen kontrako froga gisa aurkeztuta; epailearen iritziz, froga horiek nahikoak dira hainbat gazte «talde armatuko kide» izatearen akusaziopean atxilotzeko. Zenbait atxilotuk salatu zituzten tratu txarren eta haien bidez lor litezkeen «frogen» gainean, ordea, hitz erdirik ere ez.
Atxiloketa eta kartzelatze horiek ez dira operazio bakan baten ondorio, «sarekada nazional» baten parte baizik. Euskal herrialde guztietako gazteak harrapatu dituen sarekada dago abian, Madrilgo Gobernuaren asmo errepresibo neurrigabeak zuzenduta. Edonola ere, onartezinak dira Gobernu horrek erakutsi nahi duen «irmotasun eta eraginkortasun» itxuraren ondorio larriak. Onartezina epaileak horretarako tresna izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo