GARA > Idatzia > Athletic

ATHLETIC Partido contra el Real Madrid

«Edozein arerioren aurka irabazteko eta partida onak egiteko gai gara» «Edozeinen kontra irabazteko eta partida onak egiteko gai gara»

Aritz ADURIZ
ATHLETICEKO AURRELARIA

Donostia 1981. Eskiatzaile familia batean sortutako futbolaria da. Gazte mailetan Herreko Sportingen eta Antiguokon ibili zen Lezamara saltoa eman aurretik. 2002an egin zuen debuta lehen mailan, baina benetako aukera Valladoliden gailendu ostean heldu zitzaion, 2005eko abenduan.

Beñat ZARRABEITIA | BILBO

Elkarrizketa zein hizkuntzatan egin nahi duen galdetzean, «GARAn, euskaraz, ezta?»erantzun zuen. Asteazkenean Lezaman eguzkiak goxo jotzen zuela ikusita, ez genuen alferrik galdu galdetegia Piru Gainza harmailan egiteko aukera .

Mestallako garaipenaren ostean taldeak, behingoz, arnasa hartu duela esan liteke. San Mameseko zaleak asteburu honetako partidaren zain izan dira; larunbatean hiru puntu horiekin hasitako bolada onari jarraipena ematekotan?

Bai, partida benetan polita izango da. Betidanik oso gustuko izan dugun arerioa da, eta jendeak oso gogotsu hartu izan duen norgehiagoka da. Gainera, aurreko igandean partida ona egin genuenez, jendea gogo handiagoz joango da zelaira, eta guk geuk ere konfiantza handiagoa daukagu.

Valentzian lortutako emaitza lagungarri izango da giroa askoz hobea izateko, jende gehiago joateko eta presio handiagoa sortzeko.

Jendeak beti erantzun ohi du, halako partidetan eta beste lehia guztietan ere, lagundu egiten digute. Mestallanko norgehiagoka onaren ondoren, geuk ere kontzientzia hartu dugu, nahiz eta jakin bagenekien, edozeinen aurka irabazteko, eta partida borobilak egiteko gai garela.

Real Madril lidergoan dator, postu guztietan ditu jokalari onak, baina zeuk bereziki, azken urteotan lehia bizia izan duzu Sergio Ramosekin.

(Barrea)...Tira, bai; berarekin, zein beste askorekin ere bai. Nire jokoa ere antzekoa da, ez naiz atzera egiten duen jokalaria eta horrek normalean kontaktua dakar, baina futbol kontuak baino ez dira. Baina, tira, bai, egia da berarekin hainbat elkar jotze izan ditudala.

Kontu pertsonalez ari garela, 2005eko abenduan Athleticera itzuli zinenetik titular izan zara gehienetan, baina azkeneko bi asteetan aulkian geratu behar izan duzu, igandean gainera, ez zenuen jokatu. Hala ere, oraindik taldeko golegile nagusia zara, maila eragilean ere ondo ibili zara, baina, esan bezala, ez zara azken hamaikakoetan egon.

Bai, argi dago denok nahi ditugula partida guztiak jokatu, baina azken aste hauetan Fernandok (Llorente) eta Etxebek oso sasoiko daudela erakutsi dute. Biek sartu dituzte golak, oso ondo jokatu dute; hori oso gauza ona da taldearentzat. Ni poztu naiz Fernandok konfiantza berreskuratzeko behar zituen gol eta partidak egin dituelako. Neuk ahalik eta gehien jokatu nahi dut beti, eta hor egongo naiz taldeari laguntzeko.

Motibazio alorrean, beste erronka baten aurrean zaude.

Argi dago. Gauzak ez zaizkit beti lehenengoan eta erraz etorri. Borroka egin behar izan dut, ez da kontu berria. Dena den, gauzak ahalik eta hoberen egingo ditut ahalik eta minutu gehien jokatzeko asmoz.

Bueltatu zinenetik bada datu esanguratsu bat: Egin dituzun gol gehienak etxetik kanpo egin dituzu; horren azalpenik baduzu?

Egia da gol gehienak San Mamesetik kanpo eginak ditudala, baliteke zorte kontua izatea edo taldearen disposizio taktikoa, baina ziur nago San Mamesen ere egingo ditudala golak.

Garai batean zure kasua eredutzat hartua izan zen; orain Iraizoz edo Cuellar ere itzuli dira, Arruabarrena eta Iñigo maila ona erakusten ari dira. Gero eta sarriago gertatzen den kontua da, eta `Mendik' esan bezala «Lezamako erosotasunetik irtetean ez dira besoak jaitsi behar».

Lezama, Lezama da. Hemen egonda jokalariak oso ondo bizi gara, Athletic dagoen klubik handienetakoa da. Nik kanpora joan behar izan nuen, eta orduan konturatu nintzen gauzak ez direla hain errazak; hona bueltatzeko gauzak oso ondo egin behar baitira. Jendea kanpoko taldeetan apur bat gehiago saiatzen da, beren helburu handienetarikoa Athleticera itzultzea da. Hala ere, beste toki batzuetan ere futbolean oso ondo joka daiteke, eta oso gustura egon zaitezke. Baina, esan bezala, Bilbora bueltatzea oso gauza handia da.

Lezamara etorri baino lehen zu Antigukon aritu zinen. Zelan ikusten duzu Athleticek berriz ere azken honekin harremanak lotu nahi izatea?

Nik uste, Athleticen filosofiarekin eta Euskal Herriko jokalariak behar ditugun heinean, Antiguoko beheko mailetako futbola oso ondo lantzen duen taldea da. Gainera, Antiguokok jada izen bat hartu du eta ume askok bertara joan nahi dute jokatzera, beraz handik jokalariak irteten jarraituko dute eta Athleticek ezin du aukera hau pasatzen utzi. Horiek hala, bai Antiguokorekin, zein umeekin aritzen diren beste talde askorekin, lan egin beharko luke.

 
«Norberaren ametsengatik borroka egiteak benetan merezi du»

Futbolaren errutina alde batera utzita, bere aisialdi eta bizitzari buruzko hainbat galdera motz egin zion GARAk Aritz Adurizi. Batzuetan zalantzak izan zituen erantzun bakarra emateko, besteetan, ordea, irmo eta azkar erantzun zuen.

Liburu bat?

«Kutxidazu bidea Ixabel».

Musika talde bat?

Ez dakit bat bakarra esateko gai naizen, denetarik entzuten dut eta aldartea zein dudan, gauza bat edo beste entzuten dut.

Oporretan zaudetenean parrandarako leku bat?

Herrietako jaiak gustatzen zaizkit. Ez nizuke bakarra esango, Hernaniko San Juanak, edo Lesakako San Ferminak adibidez.

Zeren alde merezi du zure ustez borroka egiteak?

Merezi du bizitzan bakoitzak dituen ametsak lortzen saiatzearen alde borrokatzeak .     B.Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo