GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko azoka

Ipar Euskal Herriko uzta, egun eta gune batean Durangon bildurik

Ipar Euskal Herriko argitalpenak izan ziren Durangoko Azokaren azken-aurreko egunean protagonista nagusi. Arratsalde osoan, hainbat hitzaldi ematen eta liburuak izenpetzen izan ziren Iparraldeko argitaletxeen erakusmahaietan. Maiatz elkarteak, bere 25. urteurrena izanik, Argizaiola saria jaso zuen. Orotara, hamaika dira Ipar Euskal Herriko uzta Durangon erakusten duten elkarte eta argitaletxeak. Aurten, lehen aldiz, Iparraldeko gunean bilduta egon dira.

p050_f01_250x132.jpg

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Atzo Iparraldearen Eguna izan zen Durangoko Azokan. Arratsaldean zehar, Ipar Euskal Herriko kultura uztaren erradiografia txikiaz gozatu ahal izan zuten azokara joandakoek. Arratsean, 20.30etik aitzina, Ipar Euskal Herriko idazleen eta literatur eragileen bilgune izan den Maiatz elkarteak, 2007ko Durangoko Argizaiola saria jaso zuen azokaren antolatzaile Gerediaga elkartearen eskutik.

Arratsaldean, Durangoko Azokan dauden Ipar Euskal Herriko hamaika argitaletxeetan, hainbat idazle eta musikari egon ziren, aurtengo azokan ateratako nobedadeak aurkezten. Erraterako, Elkar argitaletxeko erakusmahaian, Xipri Arbelbidek «Xuri Gorriak» liburua aurkeztu zuen. Eneko Bidegain, berriz, «Iparretarrak: erakunde baten historia» inkesta liburua aurkezteko Gatuzain argitaletxearen mahaian izan zen. Horrela egin zuen Auxtin Zamora senpertarrak ere «Barneko burbuilak» bere azken lanaren karietara, Hatsa elkartearen erakusmahaian.

Musikari dagokionez, aurtengo nobedadeak ZTK diskoetxeak argitaratutako «Anderegatik» Amaren Alabak kantari zuberotar gazteen diskoa aipa daiteke. Elaudikoak ere Durangon izan ziren, «Denborarena» diskoa aurkezten, Agorila diskoetxearen mahaian. Azkenik, Garazi Philantropik Orkestrakoek «Musiques d' intérieurs» haien azkenen lana aurkeztu zuten aurtengo uzta erakusteari eskainitako arratsalde horretaan. Azken disko hori, Amanita Records diskoetxearen mahaian egon zen ikusgai.

Bestalde, aipatu beharra dago Ipar Euskal Herriko ikus-entzunezko lanik ere izan dela aurtengoan. Haurrentzat sortutako «Lodikroko» ipuin eta antzerkiaren DVDa argitaratu du aurten Ikas elkarteak. Atzo arratsaldean, lan hori aurkezten egon zen Amaia Hennebutte, proiektu horretako kidea.

Aurkezpen horiek guztiak, Iparralde gune berrian egin ziren arratsalde osoan zehar. Hainbat urtetan, Euskal Herri osoko kultur eskaintzen artean itota egon ondotik, aurten lehen aldiz gune berezi batean elkartuta daude Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hamaika argitaletxe eta elkarteak. Iparralde gunea deituriko txokoan, lurralde horretako argitaletxeek erreferentzialtasuna lortu dute. Gune horren sorrera, Euskal Kultur Erakundearen (EKE) eta azokaren antolatzailea den Gerediaga elkartearen arteko hitzarmen baten ondorioa da. Izan ere, EKEk behar handia duten kultur eragileei bultzada eman nahi zien, Durangoko Azokan beraien presentzia ikusterrazagoa bihurtuz. Gerediaga elkarteak, bere aldetik, orain arte ematen zitzaiona baino leku handiagoa eman nahi zion Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako uztari. Bi asmoak elkarrekin topo egin eta Ipar Euskal Herriko hamaika argitaletxeak ilaran aurki daitezke aurten Durangoko Azokan, Iparralde gunearen gerizpean.

Lehendabiziko urtea du gune honek, eta dagoeneko gustura azaldu ziren bertan egondako argitaletxeetako arduradunak. Dudarik gabe, Ipar Euskal Herriko uzta ezagutarazteko erraztasun gehiago eman dio guneak. EKE eta Gerediaga elkartea, hurrengo urteetara begira, egitasmo hau indartzeko asmoz agertu dira, iraunkortasun eta zabaltasun gehiago izan dezan.

Maiatz saritua

Iparralde gune berri horretan izan zen Maiatz literatur elkarte eta argitaletxea ere. Maiatzek ere nobedade bat aurkeztu du aurtengo Durangoko Azokan, Mixel Thikoiperen «Hotz Bero» ipuin bilduma hain zuzen ere. Idazle amikuztarra, haren haurtzarotik jasotako istorio eta ipuinak kontatzen dituen liburua aurkezten egon zen atzo, Maiatzeko mahaian. Aipatu behar da, azken liburu honen berezitasuna, idazteko erabilitako estiloa dela. Izan ere, Thikoipek, idatzizko hizkuntza erabili ordez, Amikuzeko ahozko euskaraz idazten du. Gisa batez, idatzizkoa baino, ahozko amikuz- tarraren transkribaketa lana egin du Thikoipek.

«Hotz Bero» liburuaren argitaratzaileak, Maiatz elkarteak pozik egoteko arrazoiak zituen atzo. Izan ere, 1982an sortu zenetik 25 urte bete dituenean, Durangoko 2007 Argizaiola saria jaso zuen. Azokaren antolatzaile Gerediaga elkarteak, urteurrena Ipar Euskal Herrian Maiatzek euskarazko literaturaren alde egin duen lana eskertuz ospatu nahi izan zuen. Sari emate ekitaldia arratseko 20.45ean izan zen, VII. Gauean Argi kultur ekitaldiaren baitan. Lucien Etxezaharretak jaso zuen Maiatz elkartearen izenean saria, eta esker oneko hitzak izan zituen. Elkarteari berari baino, sariarekin Ipar Euskal Herriko euskalgintzari egindako errekonozimendu publikoa txalotu zuen Etxezaharretak, sari honek «lanean segitzeko indarberriturik» utzi zuela aitortuta. Gerediaga elkarteak, sari honen bidez, Ipar Euskal Herriko eus- karazko literatura «sasoiko eta dinamika handian» dagoela islatu nahi izan zuen.

Maiatz elkartea orain 25 urte sortu zen. Hasieran, izen bereko literatur aldizkari bat ateratzen hasi ziren elkartean bildutako hainbat idazle, tartean Lucien Etxezaharreta bera edo Itxaro Borda zirela. Idazleon helburua, euskarazko literatura moderno bat sustatzea zen. Ordura arte atzerakoi gisara ikusia zen euskara. Haiek, aldiz, literatura modernoa egiteko tresna egokia zela frogatu nahi zuten. Maiatz elkarteak argitaratutako lehen liburua Itxaro Bordaren «Bizitza non doan» izan zen. Geroztik anitz eta anitz izan dira argitaratutakoak, orotara 60 argitalpen plazaratu baititu Maiatz elkarteak. Azkena, Mixel Thi- koiperen «Hotz Bero» ipuin bilduma da.

IPARRALDE GUNEA

EKE eta Gerediagaren hitzarmen bati esker, aurten lehen aldiz Iparralde gunean hamaika argitaletxe batera jarri dituzte, bertako uztari erreferentzialtasuna emateko asmoz.

UZTA OPAROA

Hamaika argitaletxeek nobedade ugari ekarri dituzte aurtengo azokara. Horien artean, «Iparretarrak: erakunde baten historia», Eneko Bidegainen liburua nabarmen saldu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo