GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko azoka

«Literaturak euskarazko ahozko ondarea berreskuratzeko balio du»

 
Lucien EtXEZAHARRETA

MAIATZ elkarteko koordinatzailea

«Maiatz» literatur aldizkariak aurten 25 urte bete dituela-eta, Gerediagak urtero eman ohi duen Argizaiola saria Maiatz elkarteari ematea erabaki du aurten. Atzo jaso zuen Lucien Etxezaharreta Maiatzeko sortzaile eta koordinatzaileak.

Argizaiola saria jaso du Maiatz elkarteak. Aitorpen horrek bihotza poztuko zizun, ezta?

Bai, poza eta emozioa eragiten dit. Durangokoaren gisako azoka batean horrelako sari batekin gu lehen maila batean uztea esker onez hartzen dugu. Sari honekin Ipar Euskal Herrian egiten den euskalgintzako lan osoari ezagutza ematen zaio. Nahiz eta kultur industria nagusi izan, euskarazko literaturak bere lekua egin du. Tradizio zahar baten bidetik, baina idazle gazte, berri eta eskolatuak lanean ari dira euskal literatura modernoa eraikitzeko. Kalitatezko uzta lortzen ari gara.

Ipar Euskal Herrian euskararen egoera ikusirik, euskarazko kultur eskaintzak tokia atzematea nahikoa lorpen da?

Garai batean, euskaltzale izatea atzerakoi izatearekin identifikatzen zuten botere frantsesek. Jende anitzek ere, baliogabeko ekintza gisa, deusetarako balio ez duen lan bezala ikusten zuen. Euskalgintzan ari garenon estimua handitzen ari da. Hala ere, literaturaren ezagupena oraindik ez da hedatua. Garrantzitsua da euskal literaturan ari diren figurak sortzea, kultur pertsona gisa ezagutuak direnak sortzea Ipar Euskal Herrian. Garrantzitsua da euskaldunek ikus dezaten literaturak gaurko Euskal Herria molde berezi eta premiazko batez erakusten duela. Usu, Euskal Herria kanpoko begietatik erakusten zaigu. Euskarazko barneko begia beharrezkoa dugu, horrek ekartzen baitio duintasuna. Argi dago euskara kontuan izanik nazio bat garela. Askotan Ipar Euskal Herriko euskarari buruz mintzatzen da. Hori gezurra da, euskara Euskal Herrikoa da. Euskalki desberdinak ditugu, baina hizkuntza berdina da mendebaldetik ekialdera. Euskara dugu heldu den mendeotako euskaldunen biziarentzat lagungarri izanen den altxorra.

Maiatz idazle eta kultur eragileen bilgune izan da. Zein paper jokatu du lurraldean sortu den dinamika kulturalean ?

Noski, urrats horiek apaltasunez ikusi behar dira. Naturalki egin genuen gure garaian. Bazen kontzientzia, gure egiazko Euskal Herria kontatzeko tresna izanen zen euskara idatzi moderno baten beharra zegoela. Euskara ez zen bakarrik boterearen esku makil umila izan behar. Herri honen duintasunaren bidean, ezinbestekoa zen bizia erakutsiko zuen euskara izatea, bere borroketan, bere minetan, eta, funtsean, bere esperantzetan. Gure lehen zenbakian hori bera islatu nahi izan genuen esaldi honekin: «Euskara zertarako? Bizitzarako»

Durangoko Azokaren papera duintasun horren bidean nolakoa da? Hats handia al da?

Beti indarberriturik ateratzen gara. Hemen ikusten dugu euskaraz mintzo den, euskarazko irakurtzaile den jende ugari dagoela. Batzuetan dudak sortzen dira eta erraten da euskararen mundua txikia dela. Durangon ikusten dugu ezetz, mundu handia dela. Pozgarria da euskalki guztien artean elkar ulertzen dugula ikustea. Tresna nagusi bat da gure mintzaira biziarazteko, maitatzeko. Euskararekiko maitasun hori gure indarraren oinarria da.

Aitzina begira zein proiektutan ari zarete, zein dinamika duzue ?

Gure Ipar Euskal Herrian, ahozko literatura aberats bat bada, jendeak erabiltzen duen euskara oso espresiboa da. Hori altxorra da gure literaturarentzat. Proiektu garrantzitsu bat izan behar da, ahoz guganaino heldu den euskara biziaraztea. Izan ere, gure euskalki zaharrak ari zaizkigu gesaltzen. Kalitate ona bultzatu nahi dugu. Konkretuki ere, argitaratu gabeko hainbat testu argitaratu nahian gabiltza. Eñaut Etxamendik bere kantagintzarekin azaldu duen Ipar Euskal Herriko mundu hori islatu nahi dugu. Haren obra argitaratuko dugu laister. Mintzaira zahar baten biziarazteko erronka dugu parean, gu bezalako herri txiki batean, indarrak bilduz lortuko duguna.

Ahozko ondarea aipatu duzu. Ahozko literaturaren ondare horri balioa emateko literaturak badu paperik jokatzeko ?

Nik uste dut baietz. Azken batean, idazten dugun guztiok zer egiten dugu, ez bada gure gurasoen, ingurukoen hizkuntza baliatu? Hiztegi mailan, espresio mailan, sentipen mailan, jakintza zahar bat berreskuratu behar dugu. Lan horretan ahozko hizkuntzak oinarrizko papera jokatzen du. Irakurria dut berrikitan ahozko hizkuntza indartsua duen hizkuntza batek, bere hizkuntzaren biziraupenerako, eta bere literatura indartzeko baliabide bikainak dituela, lan tresna indartsuak. Ahozkoa eta idatzia elkarrekin joan ohi dira, elkarri laguntzen diote. Hala eta guztiz ere, literaturak bere eginbide berezia du, izan ere, hizkuntzaren eraikuntzan lan berezi bat egiten baitu. Gure eguneroko hizkuntza asmatu beharra dugu, eta ez dut zalantzarik eraikuntza oso polita eginen dugula ondoko urteetan. Esperantza horrek atsegin handiz atxikitzen gaitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo