GARA > Idatzia > Errugbia

Liga Federala

Maila nagusiko taldeak arazoetan sartzen hasi dira

Donibane Lohizunek bakarrik lortu du puntu gehigarri bat, Maule eta Nafarroa ez baitira hori lortzeko ere gai izan, eta sailkapenean atzera begira daude.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA | LEKUA

Asteburu beltza, oso beltza izan da Liga Federaleko maila nagusian dabiltzan hiru euskal taldeentzat, hiruretako bakar batek ere ez baitu garaipenik lortu, nahiz eta gutxienez, Donibane Lohizunek defentsan lortutako puntu gehigarria eskuratu ahal izan zuen.

Maulek Riberac taldeari egin dio bisita, baina zuberotarrek ezin izan zuten garaipenik lortu. Etxekoek ere ez zuten partida handirik egin, baina zuri-gorriek lortutako entseguak ezer gutxitarako balio izan zuen, azken batean, puntu gehigarri bat ere ezin izan baitzuten lortu.

Seigarren multzoan ere gauzak ez ziren oso ongi joan. Nafarroak oso norgehiagoka zaila zuen Tyrossen zelaian. Landetakoak Pro 2tik jaitsi berriak dira, eta bertara itzultzea dute aurtengo helburu bakarra. 30-5 galdu zuten hori-gorriek. Faguetek egin zuen euskaldunen entsegu bakarra. Hauek ere ezin izan zuten puntu gehigarririk lortu, eta Maulek bezalaxe, esku hutsik itzuli behar izan zuten.

Donibane Lohizunek ere ezin izan zuen garaipenik erdietsi, baina gutxienez puntu gehigarri bat lortu ahal izan zuen Marmandera egin zuen bisitan. Berde-gorriek, 17 etab 12 galdu zuten, eta Elizondo izan zen lapurtarren jokalaririk garrantzitsuena, berak egin baitzituen gorri-berdeen puntu guztiak. Hiru zigor kolpe eta drop bat gauzatu zituen. Donibane Lohizunek hiru porrot jarraian jaso ditu, eta sailkapenean atzeraka abiatu da.

Bosgarren multzoan, Maule seigarren dago 12 punturekin, eta postu arriskutsuetara asko hurbiltzen ari da. Seigarren multzoan ere gauzak ez daude askoz ere hobeto. Donibane Lohizunek atzeraka bidea hartu du, eta orain laugarren dago 19 punturekin. Nafarroak atzealdean jarraitu beharko du azkenaurreko postuan baitago 12 punturekin. Azkenekoari bost puntuko aldea kentzen dio, eta aurrekoak, berriz, bi kentzen dizkio.

Neskek, irabazi

Frantziako Ligan ari diren euskal taldeetan, berririk onena eman duen taldea, ASB Baionako nesken taldea izan da. Izan ere, mutiletan dauden bost talderik garrantzitsuenek galdu egin baitute, baina emakumezkoek, lehen Mailako hirugarren mutzoan lehen postuan jarraitzen dute jokatutako partida guztiak irabazita.

Berde-moreek ez zuten partida handia egin, baina nahikoa izan zen Clermointi 22 eta 6 irabazteko. Lapurtarrek lau entsegu egin zituzten, eta ongi jokatzen ez dutenean ere erasoan min handia egiten dute. Atzean, berriz, ez zuten entsegurik jaso, eta sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute, orain arteko partida guztiak irabazi egin baitzituzten.

Gernikak Hernani menderatu du, eta bigarren postuari gogor eusten dio

Gernikak eta Hernanik Ohorezko B Mailako derbia jokatu dute, eta etxeko taldeak, Gernikak, alegia, astindu handi samarra eman die gipuzkoarrei, 35 eta 10 irabazi baitzion, puntu gehigarri eta guzti.

Berde-beltzek, bigarren postua sendotu egin dute, eta une honetan hamaika puntuko aldea du hirugarrenarekin. Gauzak asko aldatzen ez badira, bizkaitarrak igoera fasea jokatzeko moduan izango dira.

Durangok partida erraza zuen Vigon, 20-27 irabazi zuten; aurreikuspenak bete zituzten, eta sailkapenean gorantz egin dute, laugarren postuan daude dagoeneko 23 punturekin. Hernani, orain bosgarren dago 21 punturekin.

asteburu beltza

Asteburu beltza, oso beltza izan da Frantziako Ligan ari diren euskal taldeentzat; bost talderik onenek galdu egin dute, eta bik bakarrik lortu dituzte puntu gehigarriak.

Neskak, bikain

ASB Baionako neskek eman dute asteburuko berririk onena, berriro ere irabazi, eta Lehen Mailako sailkepeneko lehen postuan jarraituko dute partida guztiak irabazita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo