GARA > Idatzia > Ikusmira

Emakumeen kontrako erasoak, eguneroko arazoa, gizarte osoaren arazoa

Azken egunotan izan diren emakumeen kontrako erasoen ondorioz ez da hildakorik izan; beraz, eman lezake ez direla hain larriak izan. Oso larriak dira, ordea, banan-banan hartuta, eta are larriago segida etengabea osatzen dutelako, eguneroko kontu lazgarria direlako. Hala ere, emakumeren bat hilda gertatu ezean, ez dute gizartearen arreta berezirik merezi. Emakume bat bikotekide ohiak bi egunez bahitu, kolpatu eta mehatxatzeak arreta eta askoz gehiago eskatuko ez balu bezala; beste emakume batek bi urtez bikotekidearen erasoak jasatea arazo txiki bat balitz bezala... Baina benetan arazo ikaragarria da emakume horientzat, argitara ateratzen ez diren kasuetako biktimentzat eta gizarte osoarentzat. Nazioartean egun bateko salaketatik harago doan arazoa. Horregatik, egun guztiek izan behar dute salaketa eta erasoen kontra egiteko egun. Gogoeta sakona egin beharra dago, arazoaren tamainaz ez ezik, erasoei aurre egiteko neurrien eraginkortasunaz ere, instituzioetatik hasi, eta herritar guztiak barne, argi baitago noizbehinka, oihartzun handiko kasu baten aurrean aurpegian kezka erakustea ez dela aski. Ez da zenbait emakumeren arazoa, ezta emakumeen arazoa ere; denon arazoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo