GARA > Idatzia > Euskal Herria

ABk etxebizitza hutsen aurka herriz herriko bisitak antolatuko ditu

Orain bi urte etxebizitza hutsen inguruan hautetsiekiko hasi zuen «lobby» kanpainaren amaiera iragarri du ABk. Auzapezek erakutsi duten borondate falta ikusirik, egoeraz herritarrak sentsibilizatu nahi ditu orain. Horretarako, herriz herriz lau salaketa-bisita egingo ditu.

Eneritz ZABALETA |

Etxebizitza hutsen inguruko kanpainan beste urrats bat emanen du ABk. Azken bi urteotan, alderdiaren hitzetan «lobby lana» egin ondoren, herriko hautetsiengana, herritarrengana iristeko asmoa azaldu du ABk.

2005ean, «Borondatez hutsik dauden etxebizitzak» txostenean egindako diagnosia azaltzeko, eta horren aitzinean hartu beharreko neurriak bultzatzeko, hainbat hautetsirekin egon da AB azken bi urteotan. Orotara, 11 auzapezekin izan da alderdi abertzalea; suprefetarekin eta Jean Louis Borloo etxebizitzaren ministroarekin izandako bilkurak kontuan hartuta, 13 eragile desberdinengana jo du ABk, besteak beste Donibane Lohitzune, Hendaia, Biarritz edo Angeluko auzapezengana, edo Senpere eta Getari herri txikiagoengana.

Urruñan eta Baionan salbu, herri guztietan ateak irekita izan dituztela zehaztu zuen Peio Etxeberri Aintxart, ABko bozeramaileak: «interesez entzun dituzte gure proposamenak, eta ateak irekita izan ditugu. Baina, neurriak hartzeko garaian, inor ez da mugitu» deitoratu zuen Etxeberrik.

ABren iritziz, hautetsien borondate falta hori arrazoi elektoralengatik gertatzen da: «auzapez horien hautesleek bi edo hiru etxebizitza dituzte, eta auzapezek ez dute neurririk hartu nahi horien aurka joateko, nahiz eta legeak bideak ireki», salatu zuen Etxeberri Aintxartek.

Herritarrengana jo

Ondorioz, zuzenean herritarrei zuzenduko zaie AB, etxebizitza arazoak azaltzen dituen herriz herriko bisitak antolatuz. Lehena Baionan iraganen da larunbat honetan. Bisita horien helburua, tokian tokiko etxebizitza arazoak pedagogikoki erakustea eta arazoari aurre egiteko bideak proposatzea da.

10 000

Ipar Euskal Herrian etxebizitza sozialen eskea 10.000koa da. Alta, urte barruan hutsik dauden etxebizitza anitz dago. Baionan 1.800 etxe huts daude, eta Donibane Lohitzunen 4.500 bigarren etxebizitza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo