Disko Berriak Aritz Sound System
Lehoi asmaduna eta bere kumeak
Bueltan dira lehoi asmaduna eta bere kumeak. Hitz jokoak eta dub nahasketak nagusi. Irun Lion Zion izenarekin jamaikar musikaren zaleen armada bildu du Fermin Muguruzak. Irun da elkarbidea eta bere bidegurutzean, Euskal Herriko zein nazioarteko sortzaile desberdinak elkartzen dira Dub musikaren eremu askean (liburuxkatik aterata). Duba, oinarrian, dagoeneko egina dagoen kantua hartu eta berarekin jolastea da; banatu, zatitu, moztu, itsatsi eta eraldatu. Ahotsak bigarren mailan jarri ohi dira eta base erritmikoak -bateria eta baxuak- nagusitasuna bereganatzen du. Dubaren interpretazio askea eginez aurkituko ditugu, besteak beste, nazioarte mailan reggaeren bilakera ulertzeko ezinbestekoak diren Zion Train, Mungos Hi-Fi, Clive Hunt -ezinbesteko musikari eta ekoizlea-, Rob Smith (Smith & Mighty) edo Iñaki Yarrituren Basque Dub Foundation. Reggaea eta duba dira lotura, baina beste munduetatik datozen lagunak ere aurkituko ditugu; horien artean Lisabo, Inoren Ero Ni, Esne Beltza edo Amparo Sanchez (Amparanoia). Ferminen proiektuetan zuzenean parte hartutako Sorkun, Dz, Jon Trombon, Bad Sound System, Xabi Pery, Mikel Abrego, Kaki, etab. -bakoitza bere egitasmoekin- ere aurkituko ditugu. Zerrenda luzea da eta bakoitzak bere izaera gehitu dio diskoari. Euskal Herriko sortzaileak mundura begira daude, munduko sortzaileekin elkarlanean, etengabeko garapenean. Talkak indartuko gaitu.