Gerturatu eta: «Sinatuko al didazu, mesedez?»
Aurreko idazkian musikariak haien disko saltzaile gisa deskribatu bagenituen, aurtengo Durangoko Azoka pasatuta hedabideetako izar bihurtuta ikusi ditugu. Gure musikariek zein idazleek haien disko eta liburuak -egun DVDak ere bai- sinatzearena duela urte dezente sortutako ohitura dugu, haren arrakasta ikusirik, gero eta indar handiagoa hartzen ari dena. Norberaren lana salgai dagoen erakusmahaiaren barrualdean jarrita, erosleari zuzendutako sinadura edo, aukera bada, esalditxoa idazten diote. Berriz ere haien produktuen saltzaile. Orain urte batzuk Azokan prentsaurrekoak antolatzen ziren, hedabideei zuzendutako aurkezpenak, eta ez zirela batere eraginkor eta erakargarriak oharturik, artistak beren lanak sinatzearekin ordezkatuz joan ziren. Hori bai arrakasta! Gustatzen zaigu, bai, ospetsuak parez pare izatea, gure idoloak sortzea gustatzen zaigun bezala. Harrigarria da arrakasta duten musikariek publikoarengan duten erakarpen efektua: berehalakoa eta erraldoia. Bozgorailuek abisua emanda, musikariak saltokietan sartu bezain pronto hasten zen jendea haiengana gerturatzen «sinatuko didazu, mesedez?» esaka. Hedabideak ez dira atzean geratu, ospetsuaren ehizan ibili baitira. Zenbait kasutan pozgarria izan da musikarientzat haien jarraitzaileak bertatik bertara ezagutzea, zaleei aurpegia jartzea, Zea Mays-koek esan ziguten bezala. Ospea handiagoa izan ahala, sinatzearena ez da hain samurra, eta inpertsonala bihurtzen da anitzetan. Berri Txarrak-eko abeslaria ere han zegoen, burua ia altxatu ezinik, eroslearen izena galdetu eta hari begiratzeko keinua ozta-ozta eginez. Guztiz estututa zeudenak ere ikusi ditugu, telebistako kameraren hatsa lepoan sentituz ibili direnak. Promozio aferetan murgilduta ikusi genituen Ken Zazpikoak ere, gero eta jarraitzaile gehiago eta sutsuagoak dituen beren abeslaria ahal zuen moduan jendeari arreta eskainiz. Orokorrean, musikariek gorroto duten eginbeharra da promozioa, ergel sentitzen dira behin eta berriz gauza berberak aipatzen, baina ongi dakite beharrezkoa dela ikus-entzuleengana iritsi nahi bada. Alta, ez da hori musikarien eremu naturala, agertokia baizik. Beraz, baten bati bere ametsetako kantaria hotza iruditu bazaio, arreta eskasa eskaini diolako-edo, joan dadila bere hurrengo kontzetura, eta bertan ikusiko du benetan maite duen moduan: bere barneko guztia azaleratzen.
Blanca IZKUE
Musikagintzako langilea