GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Herri bezala dagozkigun eskubideak eskuratzeko ahalegian, autonomiak ezin du helburua izan, bidea baizik»

 
MAITE GOIENETXE eta onintza lasa
manifestazioaren antolatzaileak

Ipar Euskal Herriko onarpen instituzionalaren bidean, herritar talde batek autonomiaren aldeko manifestazioa antolatu du larunbaterako. Onintza Lasa eta Maite Goienetxe deialdia egin dutenen artean dira. Alderdi politiko desberdinetako kide dira, EAkoa da Lasa eta Batasunekoa Goienetxe, baina ekimena alderdi eta iritzi politiko ezberdineko lagunek bultzatu dute. Autonomia, bientzat, herri eraikuntzan eman beharreko urratsa da.

«Herri bezala dagozkigun eskubideak eskuratzeko ahaleginean, autonomiak ezin du helburua izan, bidea baizik»

Joera ezberdineko alderdi abertzaleetakoak izanik ere, autonomia aldarrikatzeko bat egitera nola iritsi diren galdetuta, «oinarrian bakoitzak motibazio ezberdina izan dezakeela» uste du Onintza Lasak. Herrigintzari begira autonomia «aurrerapausoa» dela uste du, bai berak, baita bere alderdiak ere, nahiz eta «beste batzuentzat autonomia bera helburua» izan daitekeela pentsatu. Gai hau, batez ere, «onarpen baten eskaritik» abiatu dela nabarmendu du Lasak eta, ondorioz, «erakunde zein indar guneak ahalik eta gertuen kokatu beharra aldarrikatzetik». Ez du ulertzen zergatik, edo zertarako begiratu behar den Parisera.

Eskakizuna elkarrekin egitera nola heldu diren azaltzeko, Maite Goienetxek denboran atzera egin du. Gogoratu du urtarrilean Batasunak bere proposamena aurkeztu zuenean, «alderdi bakarrarena» ez zela: «Atzetik beste batzuek (IK, Eraikitzen taldeak, Instituzio Lantaldeak...) jorratutako bidearen segida da» nabarmendu zuen. Manifestazioa alderdiek deitzen ez badute ere, «izaera eta jatorri politiko desberdineko lagun horiek, elkarlanerako esperientzia aberatsa» dutela gaineratu du.

Euskal Departamentu bat sortzeko eskaera ez du, inola ere, baztertzen Lasak.

Berarentzat bi eskaerak, autonomia zein departamendua, «bateragarriak» dira, ezer gutxi edukita, ezin baitzaio ezeri ezezkorik eman. Halere, «autonomia bide baketsutik eta giza eskubideen errespetutik defendatzeko» prestutasuna dagoela ikusita, «eskaera-maila altuagoa» egiteko ere prest daude bere alderdian.

Alta, Goienetxerentzat «Ipar Euskal Herriko egoera larria gainditzeko Departamentua baino harago» joan beharra dago. Departamenduaren aldarrikapenak «kontzientziazio eta eztabaida instituzional zabala» ekarri duela aitortu du. Kontsulta eskatzeak «erabakitzeko ahalmenaren auzia» pausatu egin duela uste du. Baina, bere aburuz, «Euskal Herriaren onarpena eta errespetuaren marra gorria markatu behar dute Parisen aitzinean».

Lasak ez du ikusten Autonomia aldarrikatzeak gizartean nahasmena sortzeko arriskurik : «Gauzak azalduz gero, jendeak ulertzen du argudio asko daudela: herria eraikitzea, hobeto bizitzeko aukera nabaria, hizkuntza babestekoa ere bai... Jendeak primeran ulertuko du, ziur naiz!».

«Fase bakoitzak bere ezaugarriak» dituela uste du Maite Goienetxek eta «Gizartearen zati handi batek defenditzen dituen eskubideak ukatuak direlarik, erantzunak kualitatiboa» izan behar duela nabarmendu du. Ipar Euskal Herriaren arazoak konpontzeko «gaurdanik tresna instituzional azkarrak, eskumenak» beharrezkoak direla iritzi dio. Autonomiaren eskaera gizartean hedatzeko «hurbileko demokraziak ekar ditzakeen abantailak» erakustea garrantzitsua da berarentzat: «Frantziar sentitzen den herritarraren eskubideak ere urratu egiten dira kulturan, administrazioan, ekonomian, hizkuntzan... abertzaletasunaren `mamua' gaindituz gero, denok dugu zer irabazi».

Parisek duen jarrera itxiaren aitzinean, berriz, autonomia lorgarria ote den galdetuta, Lasak ez du ukatu gauza zaila izango ez denik: «Frantziar Estatuaren zentralismoa ezaguna da, eta autonomiaren eskakizuna babesten jende askok egon beharko du gobernuak gizartearen nahia ikus dezan. Zaila dela? Badakigu, baina saiatu gabe ez da helbururik inoiz lortuko».

Goienetxe konbentzituta dago herriek «borrokatzen diren heinean» behartzen dutela Estatua bere posizioak mugitzera, eta hala «xedeak erdiesten» direla.

Autonomiaren proposamena «gatazka gainditzeko gutxieneko baldintzetan» kokatu du, bere hitzetan: «herri bezala dagozkigun eskubideen eskuratze bidean, autonomia ezin baita helburua izan, bidea baizik».

A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo