Marko Demokratikorako Proposamena kalera aterako da igandean
Konponbideak «edukiak» behar dituela argi duelako, bide hori lantzeko bere Marko Demokratikorako Proposamena gizarteratzeko ekimen zabala kaleratuko du igandean ezker abertzaleak, tresna ezberdinen bidez. Honen inguruan ezagutza eta eztabaida bultzatzea du helburu.
Ramon SOLA |
Negoziazio prozesua amaitutzat utzia izan ostean ere, Marko Demokratikorako Proposamena «indarrean» dagoela eta konponbidea lortzeko osagaiak barruan badituela nabarmendu du ezker abertzaleak azkeneneko aste hauetan. Horren proba berri bat emango du igandean, ehunka militanteren bidez egitasmo hori gizartzerako ekimena kaleratuko baitu.
Patxi Urrutia ondoan zuela, jardunaldi honen berri eman zuen atzo Iruñean Pernando Barrenak. Proposamena zabaltzeko hainbat tresna prestatu direla aurreratu zuen, «era sinplean eta didaktikoan» haren nondik norakoak zabaltzeko. Helburua proposamenaren gainean eztabaida zabaltzea da.
Honekin edukin politikoei garrantzia eman nahi die ezker abertzaleak, hauek alboratzetik irtenbiderik ez dela etorriko argi baitu. Eta horren adibide gisa Nafarroan gertatutakoa ekarri zuten gogora: «Ez dago inongo aldaketa politikorik inposatzen zaizkigun muga antidemokratikoak altxatu gabe, eta muga horren adierazleak Konstituzioa eta Foro Hobekuntza dira. Bere garaian, zer gertatuko zen iragarri genuen guk: kea baino ez dutela saltzen esan genuen. PSOEk eta NaBaik planteatzen zuten negoziazioak azkenean deus ez aldatzea ekarri zuen, edo `zerbait aldatzea ezer ez aldatzeko', esaerak dioen bezala», laburbildu zuen Pernando Barrenak agerraldian.
Oraingo agertokiari begiratuta, Nafarroan bere garaian ezarri zen estatusa -«inork ontzat eman ez duena», oroitarazi zuenez- indartzeko azpiko ituna dute UPN-PPk eta PSOEk. Baina Nafarroa Bai koalizioa ere horren erantzuletzat jo zuten Barrenak eta Urrutiak.
Kongresuko «ordainsaria»
Izan ere, bai uda partean PSOE eta NEBekin egindako negoziazio ahaleginean bai eta gero luzatutako mezuetan ere, NaBaik gobernuan sartzeko apustua baino ez duela egiten ondorioztatu du ezker abertzaleak. Beti «eskean» ibiltzea egotzi zien Barrenak, eta haren diskurtso politikoetan egungo estatusa onartzea leporatu zien Josu Jon Imazi edota Uxue Barkosi. «Edukin politikoak utzita, edozein gauza egiteko prest da», erantsi zuen, eta testinguru honetan kokatu zuen Capbretongo gertaeren ostean koalizioak Madrilgo Kongresuan «irtenbide polizialaren alde» egin izana. Nolabaiteko «ordainsaria» ikusten du Barrenak atxekimendu horretan, beti ere egun batean PSOErekin gobernu akordio batera iristeko helburuarekin egina.
Alderdi honetaz, aldiz, hauteskunde kanpainan gezurretan aritu zela adierazi zuen berriro Pernando Barrenak: «Aldaketa nahi zuela sinestarazi nahi zigun, baina trikimailu hutsa izan zen hori». Hauteskundeak pasa ondoren, betiko jarrera «kolonialista» erakutsi duela ekarri zuen gogora, azken finean Nafarroako presidentea nor izango zen «Madrilen erabaki baita, ez hemen».
Honekin batera, Nafarroan Alderdien Legearen ezarpen «basatia» burutu dela ohartarazi zuen mahaikideak, ezker abertzalea Legebiltzarretik kanpo utzi dutela nabarmenduz. Honen aurrean, «gu baztertuz aldaketa politikoa gerta daitekeela pentsatzea ezinezkoa da, eta mahai gainean jartzen ditugun edukietan argi ikusten da hori».
Edukin politiko horiek zabaltzea ezinbesteko ikusten du Pernando Barrenak, besteak beste Nafarroan UPNk eta PSOEk indartu nahi dute «Espainiar batasun» proiektuaren aurrean.
Jokabide «kolonialista» izatea egotzi zien mahaikideak UPNri zein PSNri, eta adibide gisa Nafarroako presidentea Miguel Sanz izango zela Madrilen erabaki dela aipatu zuen.
«Inork ontzat eman ez duen» egungo estatusa egonkortu nahi duten honetan, edukin politikoetan oinarritutako aldaketa politikoa lortu behar dela aldarrikatu zuen Barrena, NaBai-ren tesien aurrean.