GARA > Idatzia > Gutunak

Junkal Mintegia Pasaia-Lezo Lizeoko presidentea

Hau ez da bidea!

Une hauetan Hezkuntza Proiektuaren dokumentua berrikusten ari gara Pasaia-Lezo Lizeoan. Eztabaidatzen ari garen testuan Lizeoak sustatu nahi dituen baloreez ere hitz egin dugu. Biharko gizartean gure seme-alabentzat nahi genituzkeenak argitzen saiatu nahi dugu.

Hona hemen zer diogun proposatu dugun dokumentu berriaren pasarte batean: «pertsona adeitsuak lortu nahi ditugu, halakotzat hartuz, besteak pentsatzen edo esaten duenarekin bat ez etorrita ere, bestearen jarrera eta iritzia errespetatzen lagunduko duen jarrera demokratikoaren jabe dena». Era berean, honakoa dio beste pasarte batek: «gure seme-alabek gizartearekin konpromisoa izan dezatela nahi dugu, horrekin aditzera emanda, gizarteko arazoen aurrean kezka agertu eta horien konponbidean konprometitzen den pertsona izatea». Ez dira, jakina, sustatu nahi ditugun balore bakarrak: nolako ezaugarriak nahi genituzkeen gizarterako, halakoak saiatuko gara sustatzen gurean, hezkuntza proiektua garen neurrian.

Horregatik, kezkaz eta egonezinez ikusi dugu Xabier Alegria gure hezkuntza komunitateko gurasoaren atxiloketa: bide horrek ez garamatza gizarte integratu batera, non denon jarrerak eta iritziak gauzagarriak diren, non gizartearen arazoen aurrean horien konponbidean konprometitzen garen. Garazik ezingo du denbora puska batean -nahiko genuke ahalik eta urriena izatea- aitarekin jolastu, ezta afaldu ere etxean, ez irri egin, ez haserretu; eta Ixiarrek Xabierren absentzia sufrituko du.

Ez da bakarra, jakina: gatazkak urte luzez dirau gurean, luzaroegi, eta sufrimenduaren sareak etxe asko harrapatu ditu gurean.

Horregatik, benetan diogu, hau ez da bidea!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo