Oihana Lujanbio Soziolinguistika Klusterreko zuzendaritzako eta bulegoko kideak
Eskubide urratuak
Aurreko astelehenetik Soziolinguistika Klusterrean Olatz Altuna lankidea falta da bere aulkian. Eta ondoan falta zaigu guri. Orain atxilotu egin dute, eta aurretik urte eta erdiz Madrilera astero-astero joatera behartua izan da, bere eguneroko bizitza profesionala eta pertsonala hankaz gora jarrita. Bere aldamenean urtetan zehar lan egin dugunok Olatz bidegabeki prozesatu, kartzelatu eta kondenatu dutenaren uste osoa dugu. Ziur gaude, erabat ziur, Olatzek ez duela leporatutako ekintza zigorgarri horietarik bakar bat ere egin, eta epaiketa luze eta bidegabean ere hala erakutsi da. Gu ez gara abokatuak, soziologoak, filologoak... baizik. Baina han ibili diren abokatuek oso argi adierazi dute:
«Terrorismoaren kontzeptu hedakor honekin Auzitegi Gorena `mugarik gabeko zigor zuzenbidea' sortzen ari dela ohartarazi zuen Iruinek, eta legaltasunaren printzipio funtsezkoaren oinarria urratzen ari dela. `Zigor tipo ireki, zehaztugabe eta elastiko hauek terrorismoaren aurkako legeriaren salbuespenezko izaera hedatzen dute'» (2007/2/23, «Berria»). «Respecto a la Fundación Joxemi Zumalabe, resaltar que nunca creí ni que sus objetivos ni su dinámica fueran delictivos y, después del juicio, tengo la certeza. En justicia, debía haberse retirado la acusación al resto de los imputados de la Fundación y, ya que no ha sido así, confío en que el tribunal, ante la falta de prueba inculpatoria, dicte una sentencia absolutoria». (2007/2/06, Angeles López abokatua).
Sententzia ez da absoluziokoa izan. Alderantziz. Euskal Herria erreferentziatzat hartuta lan egiten duen erakunde oro espainiar epaileen mehatxupean jartzea ekarri du. Lan egiteko ikuspegi hori erabat zilegi da alde guztietatik; horregatik, euskal herritar eta erakunde orori dei egiten diogu aukera hori babesteko, norberarena izanda edo izan gabe. Soziolinguistika Klusterrean argi dugu prozesu honetan edozein hiritarri zor zaizkion eskubideak goitik behera urratuak izan direla eta, beraz, Olatzen familiako eta ingurukoei elkartasuna adierazteaz bat, berehala aske utz dezatela eskatzen dugu.