Aitor Aranburu Gipuzkoako EHNE
Nazio eraikuntza vs. eraikuntza iraunkorra
Nekazaritza sektore indartsu batek eragozpen gehiago eragingo lizkie gure lurren espekulazioa elikatzeko
Pasaiako Superportua, Itoizko urtegia, erraustegiak, 2x2, Donostiako bigarren saihesbidea, zentral termiko- ak, gas hodia, Euskal Hiria eta Euro Hiria... gure artean iraunkorra den bakarra lurraren artifizializazioa eta batzuen diru-gose aseezina da. Ez dago ez nazio eraikuntzarik, ez garapen iraunkorrik; praktikan eraikuntza iraunkorra besterik ez daukagu. Garapena ulertzeko modu horren ikur nagusia, ordea, Abiadura Handiko Trena da. Guri dagokigunez, trazatuak 331 baserri erasango lituzke bete-betean. Horri gehitu behar zaio eraikuntzarako beharko liratekeen bide, harrobi, hondakindegi, mendi mozketa, indusketa lan, lur iraulketa, harri lubeta eta gainerako eragin «kolateralek» egindako kaltea.
Lehen sektoreari eragindako kalteak hainbat eratakoak izango lirateke. Lehenengoa, lurraren galera eta, ondorioz, nekazaritzako lanpostuen galera izango litzateke: ibilbideko kilometro bakoitzeko 5-7 hektarea landa lur desagerraraziko lituzke gutxienez. Euskal Herriko ibilbide hipotetikoak 440 kilometrotik gora edukiko lituzkeela kontuan hartuz, atera kontuak: 121 tunel eta 113 bidezubi eraikitzea, 68 miloi metro kubotik gora lur mugitzea, 2.500 hektareatik gora zuzenean okupatzea, 64 hondakindegi sortzea... Gainerako nekazari lurren gaineko presioa ere areagotu egingo luke, industriagune, errepide, eta abarren hedapena ekarriko lituzkeelako zenbait gunetan.
Bestalde, lurraldea bitan zatituko luke hesi erraldoien bidez, eta baserri bereko lursailak, hainbatetan, trenbidearen alde banatan geratuko lirateke. Hala, lur horien erabilera erabat mugatuko luke; ganadua larretzea ere ia ezinezkoa bihurtuko litzateke trenaren inguruan, hark aterako lukeen zaratagatik, eta inguruko pertsonen bizi kalitatean ere eragin zuzena edukiko luke zarata horrek (70 dezibelio).
Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren 53 urtetarako aurrekontua da Abiadura Handiko Trenak xahutuko duena. Pentsatu beharrekoa da diru horrekin zenbat gauza utziko diren egin gabe nekazaritzan, etxebizitza politikan, osasun arloan...
Ohituta gaude lehendik ere, gure lurrekin beste batzuen negozioak elikatzera, baina zeinen interesak daude AHTren atzean? Zergatik manipulatu eta isilarazten dute hedabide gehienek AHTren aurkako borroka? Zergatik eraikitzen dituzte gezurren gainean haren aldeko argudio nagusiak? Gezurrak gainera, behin botatzen hasita, handiak izatea hobe eta halakoa da, adibidez, errepideak husten lagunduko duenarena: Eusko Jaurlaritzak dio egunean 1.000 kamioi aterako lituzkeela errepideetatik; baina kopuru horretan gure errepideetan dabilen kamioien %2 batzen da soilik, eta automobilen joan-etorrien %0,32.
Baserria gure herriarentzat sektore estrategikoa dela esan digute, behin eta berriz; desagertzera bultzatzen gaituzte, ordea. Ahul eduki nahi gaituzte gure lurren gainean euren gizarte eredua inposatzeko, eta jakitun dira nekazaritza sektore indartsu batek eragozpen gehiago eragingo lizkiela gure lurren espekulazioa elikatzeko.
Nahi ez dugulako, jendarteak behar ez duelako, inposatzen digutelako eta gurpil zoro honi bukaera eman behar zaiolako dei egiten dugu abenduaren 15eko arratsaldean Arrasateko kaleetan gure ezadostasuna erakustera.